Mikel Torresek ikerketa tekniko eta errealista bat aurkeztu du, negoziazio kolektiboa Euskadiko enplegu duinaren zutabe gisa indartzeko

0
PRUEBA
  • Lehendakariordeak dei egin die eragile sozialei “hitzarmeneko gutxieneko soldata bat adostu dezaten, euskal produkzio errealitatea eta errealitate ekonomikoa kontuan hartzen duena”
  • Iragarri du Euskadiko soldata egiturari buruzko estatistika eragiketa espezifiko bat jarriko dela abian, eta Negoziazio Kolektiboaren Behatokia sortuko dela, elkarrizketari eta erabaki informatuak hartzeari laguntzeko tresna moduan

Euskal Autonomia Erkidegorako Negoziazio Kolektiboko Gutxieneko Soldatari buruzko Azterlana aurkeztu du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur, Bilbon egindako ekitaldi batean, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialarekin eta lan baldintzak hobetzearekin duen konpromisoaren barruan.

Haren hitzaldian, Torresek gogorarazi du ekimen horrek Eusko Legebiltzarraren eskaera bati eta Gobernu akordioaren 61. konpromisoari erantzuten diola: “Agerraldia egiten dugu konpromiso instituzionaletik, elkarrizketa sozialetik eta agindu demokratikotik sortutako dokumentu bat aurkezteko”, adierazi du.

Azterlan hori Ikertalde aholkularitza enpresak egin du, saileko lantalde teknikoarekin batera, eta Lehendakariordeak honela deskribatu du: “Proposamen zorrotz bat da, datuak kontrastatuta dituena eta Euskadiko errealitate sozioekonomikoan kokatuta dagoena”. Torresek azpimarratu duenez, helburua ez da soldata bat inposatzea, baizik eta “oinarri tekniko eta objektibo bat ematea, eragile sozialen arteko elkarrizketarako abiapuntu izango dena”.

Azterlanaren arabera, hitzarmeneko gutxieneko soldatarako zenbatetsitako tartea Euskadin 1.268 eta 1.385 euro gordin artekoa izango litzateke 14 ordainsaritan, hau da, % 7 eta 17 arteko igoera Estatuko LGSarekin alderatuta. Tarte hori koherentea da Euskadiko bizi kostu handiagoarekin, Estatu osokoa baino % 7-11 handiagoa dela zenbatetsita.

“Azterlanak ez du inposatzen, ezta ordezten ere; gai horri buruzko datuak ematen ditu”, azaldu du Torresek. “Soldata arrakalak agerian uzten ditu soldata baxuenen errealitatea eta balioan jartzen ditu negoziazio kolektibo informatu, anbiziotsu eta, ekitate eta justizia sozialaren balioekin, koherente baten potentzial eraldatzailea”.

Txostenaren alderdi nabarmenetako bat da Euskadiko langileen % 87,8 negoziazio kolektiboak estaltzen dituela, eta horrek agerian uzten du EAEko lan harremanen osasun ona.

Hala ere, agerian jartzen da soldata baxuenak dituztela estaldura horretatik kanpo geratzen direnek eta lanaldi partzialeko Enplegua dutenek; eremu horietan emakumeak dira nagusi. Jasotako datuen arabera, 140.000 pertsona inguruk egiten dute lan lanaldi partzialean Euskadin, eta horietatik 103.000 emakumeak dira (% 73,6) eta 37.000 gizonak (% 26,4).

Negoziazio kolektiboaren estalduratik kanpo 48.300 langile daude, eta horietatik erdia baino gehiago etxeko langileak dira (27.000 pertsona baino gehixeago), gehienak emakumeak. Gainera, kalkulatzen da lanaldi osoko langileen % 3,1ek soilik izango lukeela LGSaren igoera.

Horregatik, dokumentuak azpimarratzen du benetako erronka dela hitzarmen kolektiboen estaldura zabaltzea gaur egun kanpoan geratzen direnei: lanaldi partzialeko kontratuak dituzten pertsonak, aldi baterakoak edo azpikontratatuak; kasu gehienetan, emakumeak.

Babesa elkarrizketari

Torresek dei egin die eragile sozialei “Euskadin hitzarmeneko gutxieneko soldata bat adostu dezaten, bere egitura produktiboa eta lan harremanetakoa kontuan hartuta”, eta berretsi du Eusko Jaurlaritzak prozesua babesten jarraituko duela “errespetuz, zorroztasunez eta konpromisoz”. “Azterketa zorrotza da, irekia, erabilgarria izateko bokazioa duena. Azterketa tekniko bat, baina bere eragina politikoa eta soziala izango da akordio zabalak bultzatzea lortzen badu”, laburbildu du.

Mikel Torres Lehendakariordeak iragarri du, halaber, Euskadiko soldata  egiturari buruzko estatistika operazio espezifiko bat jarriko dela abian, eta Negoziazio Kolektiboaren Behatokia sortuko dela, elkarrizketari eta erabaki informatuak hartzeari laguntzeko tresna gisa.