“Digitalizazioak bidea emango du efizientzia handiagoa lortzeko zerga-sistemen kudeaketan”, nabarmendu du Iñaki Alonso sailburuordeak Uda Ikastaroetan

0
PRUEBA

Nola egiten dio aurre digitalizazioaren erronkari Zerga Administrazioak Euskadin? Galdera horren erantzuna izan da gaur EHUko Uda Ikastaroaren ardatz nagusia, eta Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordea izan da hizlarien artean.

Bere azalpenean, errekonozitu du ekonomiaren digitalizazioak erronkak eta aukerak planteatzen dituela, bai zergadunentzat, bai zerga-administrazioentzat. Esparru berri bat da, ez bakarrik zergadunen eta administrazioen arteko harremanaren esparruan, baita jurisdikzio askotako administrazioen arteko lankidetza eta interkonexio handiagoa exijitzeko ere.

Ekosistema digitalak eskaintzen dituen aukeren artean dago “zerga-sistemen kudeaketan efizientzia handiagoa izatea, eta zergadunei beren zerga-betebeharrak betetzen laguntzea”, nabarmendu du Iñaki Alonsok. Panorama horrek “foru-ogasunek beti bete duten” zeregina indartzen lagundu dezake; izan ere, haren ustez, hurbiltasunaren eta segurtasun juridikoaren alde eginez baliatu dituzte beren eskumenak, eta zergadunei beren betebeharrak betetzen lagundu diete.

Hala ere, digitalizazioak zergen kudeaketan planteatzen dituen erronkei ere helduz, Ogasuneko sailburuordeak hau nabarmendu du: “errealitate berri honek eskatzen du, era berean, garapen teknologiko handi bati ekitea eta Estatuko, Europar Batasuneko eta munduko gainerako herrialdeetako zerga-administrazioekiko harremana esponentzialki handitzea”. Gainera, gogora ekarri du Ekonomia Itunak euskal ogasunei errekonozitzen dien zerga-administrazio integralen izaera. Horregatik, nabarmendu duenez, “berebiziko garrantzia hartzen du” haien nazioarteko esparruko agerikotasunak eta presentziak.

Ildo horretatik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2024ko azaroaren 13ko eta 2025eko apirilaren 10eko akordioak azpimarratu ditu Iñaki Alonsok. Akordio horiek, alderdi bikoitz batean, autogobernua zabaltzeko jauzi kualitatibo bat ahalbidetzen dute. Alde batetik, erraztu egiten da euskal instituzioek parte hartzea ekonomia digitalaren fiskalitatearen bilakaerari buruzko adostasunak lortzen diren eta arau substantiboak eta horiei lotutako betebehar formalak zehazten diren nazioarteko foroetan, eta, bestetik, EIBMaren akordio horiek “foru-ogasunak nazioartean ikusaraztea eta agertzea” bultzatzen dute, Iñaki Alonsok nabarmendu duenez fiskalitate berritzaileari buruzko Uda Ikastaro honetan.