Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak dispositibo bateratu bat koordinatuko dute aurten ere, Andre Maria Zuriaren jaietan jende gehien biltzen den ekitaldietan segurtasuna bermatzeko. Operatiboa abuztuaren 3ko arratsaldean hasiko da, Foruen plazan egingo den lehen kontzertu jendetsuan, eta ekitaldi enblematikoek, hala nola Zeledonen jaitsierak, Egunsentiko Arrosarioak, Farolen Prozesioak eta Zeledon Txikiaren eta Neska Txikiaren jaitsierak arreta berezia izango dute.
Jende gehien biltzen den ekintzetan estaldura emateaz gain, bi poliziek elkarlanean jardungo dute batez ere bi delitu-mota prebenitzeko: lapurretak eta sexu-askatasunaren aurkako delituak. Bigarren kasu horretan, patruila aktiboak izango dira arrisku subjektibo eta objektibo handieneko lekuetan eta orduetan, eta arreta berezia jarriko da etxera itzultzeko orduetan eta auzo periferikoetarako ohiko ibilbideetan.
Bi polizien arteko koordinazioa indartzeko, patruila bateratuak ere antolatuko dira eta bi polizia-kidegoen arteko komunikazio-kanal bat ere irekiko da. Neurri horiek hiriburuko auzoetako jai-denboraldia hasi zenetik daude abian.
Alderdi horiek eta beste batzuk izan dituzte hizpide Andre Maria Zuriaren jaien aurretik egin ohi den Polizia Koordinaziorako Batzordean, eta bertan Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak parte hartu dute. Udaleko ordezkari gisa, bileran izan dira César Fernández de Landa Segurtasuneko zinegotzia, eta José Carlos García Marcos Udaltzaingoko komisarioa. Segurtasun Sailaren ordezkari gisa izan dira Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Celedonio Moreno Arabako lurralde-burua eta Víctor Gutiérrez Gasteizko Ertzain-etxeko nagusia.
11 sarbide kontrolatuta txupinazoan
Abuztuaren 4an egingo da beirarik gabeko txupinazoa, eta 35.000 pertsona inguru bilduko direla aurreikusten da. Ingurune segurua bermatzeko, Andre Maria Zuriaren plazako sarbideetan 11 kontrol jarriko dituzte, beirazko objekturik eta debekatutako bestelako objekturik sar ez dadin. Txupinazoaren kasuan, polizia-lanak aurreko eta ondorengo uneak hartuko ditu, ebakuazio-bideak ziurtatuz eta garbiketa-taldeak babestuz.
Salaketak jasotzeko puntuak
Herritarrek salaketak jartzeko bi leku izango dituzte erdigunean:
- Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoa, Olagibel kalean. Abuztuaren 4ko goizeko 7:30etik abuztuaren 10eko 21:30era arte egongo da zabalik, etenik gabe.
- Eta Udaltzaingoaren polizia-etxea, José Erbina kalekoa. Bulego hau abuztuaren 4ko 14:00etatik abuztuaren 10eko 14:00etara egongo da zabalik, etenik gabe.
Iazko balantzea
2024ko jaietan, 544 delitu erregistratu ziren, horietatik 470 ondarearen aurkakoak, eta batez ere telefono mugikorren eta diru-zorroen lapurretak izan ziren. Bestalde, 25 pertsona atxilotu zituzten eta 33 pertsona ikertu zituzten.