Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Desagertutako Pertsonen Familien eta Elkarteen Lehen Topaketa izan da. Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiko komisarioa eta Desagertuen Zentro Nazionaleko Ertzaintzaren ordezkaria denak zuzendu duen ekitaldian Polizia Zientifikoaren Burutzako agente batek, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen zuzendariak, larrialdiei aurre egiteko teknikarien arduradunak, Justizia Administrazioko letradu batek eta Desagertuen Zentro Nazionalaren bi ordezkarik ere parte hartu dute.
Jardunaldia gaur, asteazkena, goizean, egin da Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusiko instalazioetan.
Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiko komisario buruak eta Pertsonen Aurkako Delituen Atal Nagusiko agente espezialista batek desagertuak bilatzeko zailtasunei buruz hitz egin dute, batez ere kasu zaharrenetan.
Gainera, bertaratutakoei eman dizkieten datuen artean nabarmentzen da urtean Ertzaintzak 5.500 komunikazio jasotzen dituela pertsona bat desagertu delako, eta horietatik 1.500 salaketa inguru jartzen direla. Ertzaintzak urtean desagertzeen ehuneko 95-99 inguru ebaztea lortzen du, eta, adierazi denez, halako kasuetan berrerortzea handia izaten da. Gaur egun, eta Ertzaintzan erregistroak daudenetik, desagertutako pertsonen 100 kasu aktibo daude.
Ondoren, Polizia Zientifikoaren Burutzako agente batek eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko zuzendariak ante mortem nahiz post mortem behar izaten diren datuen bilketari buruzko informazioa eman dute.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikarien buruak, jarraian, bilaketa-dispositiboak egiteko orduan dituzten erronkez hitz egin du.
Atsedenaldi baten ondoren, ordezkatuta zeuden desagertutako pertsonen familien eta elkarteen ordezkariek hizlariekin eta EAEko ertzain-etxe guztietako burutzetako kideekin elkarreragin ahal izan dute, eta ekitaldiak Justizia Administrazioko letradu baten esku-hartzearekin jarraitu du. Honek absentzia- eta heriotza-deklarazioei buruz hitz egin du.
Azkenik, Desagertuen Zentro Nazionalaren bi ordezkarik atzerrian desagertutako pertsonen kasuen tratamenduari buruz hitz egin dute.
Jardunaldiari amaiera emateko, desagertutako pertsonen familien eta elkarteen ordezkariek parte hartu dute, eta galderak eta eskeak egin ahal izan dizkiete hizlariei eta topaketan zeudenei.