San Josék udako ikastaro bat inauguratu du Donostian. Ikastaro horretan, espetxeetan garatzen diren tratamendu-programa espezializatuak landu dira, gizarteratzeko tresna gisa
María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gaur gogorarazi duenez, “kartzelak ez dira zigor-leku izan behar, bigarren aukera emateko lekuak baizik”, eta ziurtatu duenez, “segurtasuna ez da gizatasunarekin kontraesanean jartzen, indartu egiten da berrintegrazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten dugunean”.
San Josék ‘Los programas especializados de tratamiento en prisión como herramienta fundamental de reinserción social’ Udako Ikastaroa inauguratu du Donostian. Hitzordu horretan, bi egunez, espetxeetako eta hirugarren sektoreko erakundeetako adituek espetxeetan garatzen diren tratamendu-programa espezializatuak jorratuko dituzte, birgizarteratzeko tresna gisa.
Hitzaldian, espetxe-sistemaren ikuspegi eraldatzailea defendatu du sailburuak, oinarrizko eskubideen errespetuan, arreta indibidualizatuan eta gizarteratzean oinarrituta zigorraren funtsezko helburu gisa. San Josék gogorarazi duenez, birgizarteratzea ez da asmo sinbolikoa, “betebehar legal, etiko eta instituzionala” baizik.
Ildo horretatik, nabarmendu du espetxeek programa eraginkorrak behar dituztela, askatasunik ez duten pertsonei beren bizi-proiektua berreraikitzeko aukera emateko. “Birgizarteratzea ez da helmuga abstraktu bat, dimentsio anitzetatik eraikitzen den prozesu zehatz bat baizik: lan ordaindua, lanbide-heziketa, hezkuntza arautua eta esku-hartze pertsonalizatua”, adierazi du.
San Josék iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak espetxeetan programa horiek garatzen dituzten talde profesionalak indartuko ditu datozen hilabeteetan, kuantitatiboki zein kualitatiboki. Profil espezializatu berriak txertatuko dira, hala nola gizarte-hezitzaile tituludunak, eta psikologian, zuzenbidean edo gizarte-lanean daudenei gehituko zaizkie. Udazken honetan bertan hasiko da profil horiek txertatzen Arabako eta Bizkaiko espetxeetan, eta ondoren hedatuko da, Zubietako (Gipuzkoa) zentro berria irekitzean.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, hitzaldiaren amaieran, Eusko Jaurlaritzak eskumenak hartu ondoren bultzatutako espetxe-eredu propioa defendatu du: “Segurtasuna ez da gizatasunarekin kontraesanean jartzen. Indartu egiten da berrintegrazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten dugunean. Tratamendu espezializatuaren aldeko apustua egitea justizia leheneratzaile, errehabilitatzaile eta eraldatzailearen aldeko apustua egitea da”.