Emaitza gazi-gozoa izan bada ere, lortutako akordioek sinbolikoki izugarrizko garrantzia dutela eta aurrekari bat ezartzen dutela esan du sailburuak, “Gizarte Segurantzaren eta aireportuen eskumenetan ateak zabaldu ditugu etorkizunera begira urratsak egiten jarraitzeko”
Madrilen Imanol Pradales Lehendakariaren eta Pedro Sanchez presidentearen artean egindako Bitariko Batzordeaz luze eta zabal mintzatu da Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua gaur goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Emaitza gazi-gozoa izan dela aitortu badu ere, balioan jarri nahi izan du Gizarte Segurantzaren arloko eskumenak eskualdatzeko ateak ireki izana, “sinbolikoki izugarrizko garrantzia dauka, aurrekari bat ezartzen du, estatuko diruzaintzak egiten duen lanaren parte bat eskuratu dugulako; ateak zabaldu ditugu etorkizunera begira urratsak egiten jarraitzeko”.
“Esan genuen erdibideko akordiorik onartuko ez genuela, eta ezinezkoa izan da Lan Ministerioarekin akordio osoa lortzea horregatik, ez da akordiorik izan ”. Langabeziari lotutako eskumenen eskualdaketari buruz esan du, lanean jarraitzen dutela eta urteko azken hiruhilekoan egingo den Transferentzien Batzorde Mistoan akordioa ixtea espero dutela.
Itsas salbamenduari eta Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionalari buruz lortutako akordioak ere balioetsi ditu Ubarretxenak. Baita aireportuen gaineko akordioa ere “oso akordio garrantzitsua da, orain arte itxita egon diren ateak zabaldu ditugulako Euskadiko 3 aireportuetan Euskadik parte hartu ahal izan dezan”.
Talgoren harira diskrezioa eskatu du, baina lortutako akordioa ere oso berri ona dela gaineratu du bozeramaileak “Euskadirentzat oso ona da Talgo enpresak bertan errotuta jarraitzea, zuzeneko eta zeharkako lanpostuen sorreran duen eraginagatik” esan du.
Abiadura Handiko Trena eta immigrazioa ere hizpide izan zituzten Bitariko Batzordean. Ubarretxenak adierazi du txostenak dagoeneko mahai gainean egon beharko luketela eta proiektu estrategikoa dela Euskadirentzat lurraldeen arteko konexioan jauzi kualitatiboa emateko. “Aurrerapausorik eman bada orain arte Euskadik lanak egin dituelako izan da, azkartasuna eskatzen diogu Espainiako Gobernuari”. Immigrazioari lotuta, kezka azaldu du azken gertakarien aurrean eta Estatu mailan gabezia bat dagoela esan du “ez dago plan estrukturalik, ezta migrazio politikarik ere, guk gure harrera eredua dugu, Migraziorako Itun Soziala, baina beharrezkoa da Migrazio Plan Estrategikoa; tresna gehigarriak behar ditugu migrazioaren fenomenoari behar bezala erantzuteko”.
Azkenik, Auzitegi Gorenak tokiko erakundeetan euskara lehenesten duten hainbat artikulu baliogabetu izanaren aurrean kezka azaldu du Jaurlaritzako bozeramaileak, “euskararen arloan alderdi politikoen artean akordio historiko egon da; indar politiko jakin batzuk erabaki politikoak judizializatzen ari dira eta horrek apurtu egiten du orain arteko itun sozial hori; ez dugu bat egiten erabakiarekin, sententzia irmoa da, baina oztopoak oztopo bidea egiten jarraituko dugu euskararen biziberritzerako”. Horren harira, bozeramaileak esan du Jauzia Gara ibilbide orria aukera paregabea dela elkarlanetik, euskararen biziberritzerako bide berriak egiteko.
Azkenik, euskarari lotuta ere, Enplegu Publikoko legearen aldaketaz ere mintzatu da euskarari babes juridiko handiagoa emate aldera, “irailean abiatuko du lege-aldaketak bere ibilbidea legebiltzarrean; edozein kasutan, gobernuak euskaraz lan egiteko aukera bermatu behar du eta zerbitzu publikoak bi hizkuntzetan eskaini behar ditu eta hori da gobernu programan jasota daukagun konpromisoa” berretsi du.