Amaia Barredo: “Itsasertzaren garapenak aukera bat izan behar du gure gazteentzat, bertan Ekonomia Urdineko jarduerak sor baitaitezke”

0
PRUEBA

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez,itsasertzaren garapenak, landarenak bezala, aukera bat izan behar du gure gazteentzat, bertan Europar Batasuneko Ekonomia Urdinean aurreikusitakoak bezalako jarduerak sor baitaitezke, ingurunea errespetatzen dutenak eta aberastasun soziala sortzen dutenak”.

Sailburuak eman dio amaiera Donostiako Miramar Jauregian egin den EHUren “Europaren erronkak itsasertzaren kudeaketa jasangarrian” uda-ikastaroari.

“Ministerioak duela gutxi eskualdatu dizkio Euskadiri kostaldea antolatzeko eta kudeatzeko eginkizunak eta zerbitzuak, eta horri esker Euskadik kostaldearen ikuspegi integrala izango du, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-balioak uztartzen dituen entitate jarraitu eta bakartzat hartuta”, adierazi du Amaia Barredok.

Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa hainbat arau juridikok arautzen dute, eta ingurune horren babesa eta erabilera hirigintzaren, ingurumenaren, turismoaren edo aisialdiaren ikuspegitik lantzen dute. Eskumen berriak ziurtatzen du, sailburuak zehaztu duenez, “lurralde-planteamendu koherentea eta sektoreartekoa, gobernantza-sektore eta -maila guztiak integratuz, planteamendu parte-hartzaile batekin eta esperientzian eta ezagutzan oinarrituta”.

Kudeaketa integratua

Europako Parlamentuaren eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioak, kostaldeen kudeaketa integratuari buruzkoak, eta Europako Batzordearen “Europarako estrategia bat” komunikazioak aitortzen dute EBko politikek eta tresnek lagundu eta berretsi egiten dutela transferentzia.

“Ezin dugu ahaztu Europar Batasunak planteatzen duen kudeaketa integratu hori modu parte-hartzaile, dinamiko eta egokitzailean ulertu behar dugula, bere testuinguruan kokatuta, betiere garapen jasangarri integrala, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren garapena, bilatuz”, esan du Barredok.

Ikastaro honetan, itsasertzaren arloko gobernantza-eredu berrien antolamenduaren, kudeaketaren eta ekimenen arloko Europako, estatuko eta EAEko esperientziak eta ekimenak ezagutu dira. Jardunaldian parte hartu duten hizlariak izan dira Javier Sanz, Jordi Guillen, Koldo Goitia, Rosa Chapela, Francisco Viñez, Jose Antonio Armolea, Ángeles Vázquez, Antonio Acosta eta Laura López.

“Ekonomia urdina”

Euskadik joan den apirilaren 1etik kudeatzen du bere itsasertza, “Ekonomia Urdinaren” garapena gakotzat hartuta. Amaia Barredoren ustez, “itsasertzaren garapen horrek industria jasangarri berriak sortu behar ditu, ekonomia urdina bultzatu behar du eta Euskadi global horren garapenean lagundu behar du. Itsasertzaren garapenak, landarenak bezala, aukera bat izan behar du gure gazteentzat: bertan Europar Batasuneko Ekonomia Urdinean aurreikusitakoak bezalako jarduerak sor daitezke, ingurunea errespetatzen dutenak eta aberastasun soziala sortzen dutenak”.

Amaia Barredoren ustez, “Eusko Jaurlaritzak bere ingurune fisikoa, kasu honetan gure itsasertza, gertutik ezagutzen du, eta horrek, eta erabakitzeko ahalmena lurraldera hurbiltzeak eta gainerako toki-administrazioekin, aldundiekin eta udalekin, harremana zuzena eta gertukoa izateak, eskumenak ziurtasun handiagoz garatzea ahalbidetuko du, hobeto aztertu eta ezagutuko diren aldetik horien erabilerek eta okupazioek eragin ditzaketen gorabeherak edo komenentziak”.

“Itsaso eta lehorraren arteko jabariko baimenak eta emakidak, arinago eta errazago kudeatzen eta abian jartzen ari garenak, errazago izapidetuko dira gainerako toki-administrazioekin lankidetzan jardunez”, nabarmendu du sailburuak.

Amaia Barredok gogoratu duenez, “46 urte daramatzagu Gernikako Estatutuan adostutakoaren transferentzia osoa lortzeko zain, eta, berandu bada ere, aurrera goaz eta herri gisa dugun autonomiari batzen zaizkion funtzio eta erantzukizun berriak ari gara gure gain hartzen”.

Itsasertzaren antolamenduarekin eta kudeaketarekin lotura zuzena duten eskumen batzuk, hala nola, kanonen bilketa, hirigintza antolatzeko planetako informazioa eta mugaketen kudeaketa, Ministerioak kudeatuko ditu, arau-esparru desberdinen mende baitaude. Barredok adierazi duenez, “hori eraginkortasunez koordinatuko da Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko jarraipen- eta lankidetza-mahaien bidez”.

“Beste eskumen batzuen transferentzietan lanean ari gara, autogobernu gehiago eta hobea izateko helburuarekin. Eskualdatu denarekin, Bizkaiko mendebaldeko mugatik, Kobarongo lurmuturretik, Bidasoa ibaira, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko elkargunera, bitarteko 246 kilometro uretan eta kostaldean egiten diren erabilera eta jardueretarako administrazio-prozesuak arintzeko eta sinplifikatzeko aukera izango dugu. Kostaldeei buruzko Legeak 56 udalerriri eragiten die”.

Amaia Barredok azaldu duenez, “transferentzia aprobetxatzen ari gara gure zerbitzu publikoak, kostaldeko jarduera ekonomikoarekin eta itsasertzaren garapenarekin lotuta daudenak, indartzeko eta hobetzeko, eta ongizatean eta bizi-kalitatean hazteko eta gure herritarrak gogobetetzeko”.

Arrantzaren arloko ordezkaritza Bruselan

Apirilaren 1etik, transferentzia horrekin, honako espediente hauek izapidetu eta ebatzi dira: Gipuzkoan, 92 baimen eman dira, eta 42 baimen eta 37 emakida izapidean daude. Bizkaian 46 baimen ebatzi dira, 26 baimen eta 18 emakida izapidean daude eta beste 6 emakida ebatzi dira.

Horien adibide dira Bilboko Euskalduna Zubiaren emakida, Lemoizko zentral nuklearreko dike-hormarena; Bilboko Salbeko Zubiarena; eta Leioako CNC-B-11 bidegorriarena, Leioako CNC-B-12rena eta Erandioko CNC02B0003 bidegorrirena. Gaur bertan ebatziko da Bilboko Deustuko zubirako emakida bat.

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 1ean hartu zuen bere gain arrantzaren arloko seihilekoko ordezkaritza autonomikoa Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluaren eta bere lantaldeen aurrean. Amaia Barredok adierazi duenez,orain Bruselan arrantzarekin eta itsasertzaren garapenarekin lotuta sortutako jarduera koordinatzea, proposatzea eta penintsulako kostaldeko autonomia-erkidego eta hiri bakoitzari helaraztea dagokigu. Atlantikoan, Indiako Ozeanoan eta Mediterraneoan nola arrantzatzen den zehaztasunez aztertzeko garaia izango da, eta gure arrantzaleek arrantza jasangarriaren eta errespetuzkoaren alde egiten duten ahalegin eta ekarpen eredugarria baloratzekoa”.