- “Eusko Label marka, jatorria, kalitatea eta gure herrialdearekiko konpromisoa bermatzen dituen bereizgarria”
- “Kirolak eta lehen sektoreak talde-lana, jarraikitasuna, sustraiak eta kide izatearen harrotasuna partekatzen dituzte”
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok «Ibarrola, Gaminde, Zabaleta, Mendizabal, Erasun eta Aldai pilotariek gaur arratsaldean Bilboko Itxaropena pilotalekuan emakumezkoen Euskolabel-Plazandreak pilota-txapelketan banaka (lau eta erdian) eta bikoteka jokatutako bi partidatan erakutsi duten ilusioa, kirol-espiritua eta dedikazioa” goraipatu ditu.
Barredo sailburuarekin batera, Hazi Fundazioko zuzendari Raimundo Ruiz de Escudero, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Itxaso Erroteta, Leixuri Arrizabalaga, Carlos Atxotegi, Marcos Muro, Joseba Urkiola eta Gorka Iturriaga izan dira pilotalekuan. Sailburuak finalistak zoriondu ditu eta, nabarmendu duenez, “emakumezkoen pilota-final hau kirol-ekitaldi bat baino askoz gehiago da, ahalegina, berdintasuna eta gizarte gisa partekatzen ditugun balioak ospatzeko aukera baita”.
“Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ere parte hartzen du jatorria, kalitatea eta gure lurraldearekiko konpromisoa bermatzen dituen bereizgarria den Eusko Label markaren bitartez. Kirolak eta lehen sektoreak talde-lana, jarraikitasuna, sustraiak eta kide izatearen harrotasuna partekatzen dituzte. Final hau aukera paregabea da gure Herrialdea hainbat arlotan eraikitzen dugunon artean sinergiak sortzeko”, adierazi du Amaia Barredok.
Barredo sailburuaren arabera, “lehen sektorea identitatearen, kulturaren, paisaiaren eta bizi-ereduaren adierazgarria da, eta etorkizun handia izatea nahi badugu, herritarrekin duen lotura indartu behar dugu, baita honelako espazioen bidez ere. Eusko Jaurlaritzak horrelako aliantzak sustatzen ditu, lagungarriak baitira landa-ingurunearen garapenerako, lehen sektorearen lehiakortasunerako, gure produktuen balioa nabarmentzeko eta lurraldearekin kohesionatuago eta konprometituago egongo den gizarte bat eraikitzeko”.