Udalak eta INVIED-ek Donostian notarioaren aurrean sinatuko dute 1.700 etxebizitza babestuak eraikiko diren lursailaren salerosketa
Donostiako Udalak Loiolako Kuartelen lursailaren salerosketaren eskrituren sinaduraren dataren berri eman du. Donostiako alkateorde eta Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek gaur goizean jakinarazi die udal talde guztiei sinadura uztailaren 23an egingo dela Donostiako Udaletxean.
Arzallus oso pozik agertu da eta adierazi du “dagoeneko esan dezakegula hirian hurrengo urteetan egongo den hirigintza-garapen garrantzitsuenetako bat hasteko atarian gaudela, behin eskriturak sinatuta, hain zuzen ere, Donostiako Udala Loiolako Kuartelen lursailaren jabe bihurtuko duten eskriturak sinatuta”. Horren harian, gogorarazi du, eremu horretan garapen berria egingo dela, eta bertan, donostiarrei zuzendutako 1.700 etxebizitza eraikiko direla.
Era berean, Nekane Arzallusek honakoa esan du: “Behin eskriturak sinatuta, militarrek lau urteko epea izango dute eremutik ateratzeko, eta bitartean Udalak eremu berriaren diseinuan eta plangintzan lan egingo du”. Hortaz, azpimarratu du, «lehenik eta behin eremu berriaren garapenan gaineko nazioarteko ideia lehiaketa egingo dela, eta aldi berean, beharrezkoak diren Plan Orokorraren aldaketak landuko direla, garapen berriaren aspektu guztiak jasotzeko”.
Azkenik, Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzia pozik agertu da eskriturak sinatzeko data jarri delako, izan ere, Donostiarentzat une oso garrantzitsua izango da, auzo berria irudikatzen hasteko unea, hain zuzen ere, hirian zentralitate berria izango den auzo berria.