Euskadi aitzindaria da etxebizitzan biztanleko egiten den inbertsio autonomikoan, eta Espainian bizitegi-politika publikoetara bideratzen diren bost eurotik bat biltzen du

0
  • Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txosten berriak baieztatzen duenez, Eusko Jaurlaritzak % 30 handitu du etxebizitzara bideratutako inbertsioa 2024an, eta guztira 460,5 milioi euro inbertitu ditu.
  • Itxasoren iritziz, “Eusko Jaurlaritza anbizioz eta fronte guztietan ari da lanean, lurzoru berriak ditu, baliabide publiko-pribatu gehiago ahalbidetzen ditu, eta epeak murrizten ditu hirigintza-izapideetan, udal-lizentzietan, obra publikoaren kontratazioan eta industrializazioaren bidezko eraikuntza-fasean”.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak txosten berri bat argitaratu du gaur. Txosten horren arabera, Euskadi autonomia-erkidego guztietan lehena da etxebizitza-politika publikoetan inbertitzeko ahaleginean. Guztira 460,5 milioi euroko inbertsioa egin da 2024an, eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du Estatuak arlo horretan egiten duen gastu autonomikoaren % 20,1. Datu hori ez dator bat Euskadiko BPGak Estatuan duen pisuarekin (% 5,5).

Biztanleko inbertsioa estatuko batezbestekoa baino lau aldiz handiagoa

Autonomiek etxebizitzetan egiten duten inbertsioa, Espainia osoan, % 6,4 hazi da 2024an; Euskadin, berriz, % 30,3ko erritmoan egin du gora, eta 460 milioi euroraino iritsi da egun. Hazkunderik handiena babes publikoko etxebizitzen programan (+ % 207,8) eta hiri-birgaitzekoan (+ % 152,5) eman da.

“Etxebizitzarako inbertsio publikoa gizarte-kohesiorako tresna eta hiri-eraldaketarako palanka da”, nabarmendu du Denis Itxasok. Sailburuaren iritziz, “datu horiek ez dira helmuga, politika ausarten buru izaten jarraitzeko bultzada bat gehiago baizik, erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan arreta jarrita, eta Euskadiren ongizatea eta lehiakortasuna hobetzera bideratuta”.

Hala, Euskadi da etxebizitzan biztanleko gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoa, 206,7 euro inbertitzen baititu, Estatuko batez bestekoa (47 euro) baino askoz ere gehiago. Desberdintasun horrek agerian uzten du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak egiturazko politiken alde egin duen apustu irmoa: sustapen publikoa (eskaintza), alokairurako laguntzak eta prezioei eustea (eskaria), eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko programak, fronte guztietan eraginez.

Denis Itxasok adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritza anbizioz eta fronte guztietan ari da lanean, Euskadik ezin duelako horretan etsi, etxebizitza eskasia eta garestitzea ikusita. Borrokarako jarrera hartu dugu eta egiturazko neurriak hedatzen ari gara erantzun eraginkor, iraunkor eta eraldatzailea emateko: Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurrien Lege-proposamena egin dugu. Haren bidez lurzoru berriak izateko aukera izango dugu, eta epeak murriztuko ditugu hirigintza-izapideetan, udal-lizentzietan, obra publikoaren kontratazioan eta industrializazioaren bidezko eraikuntza-fasean”. Legea aplikatu ondoren, “etxebizitza babestuetarako lurzoru-erreserba estrategiko handi bat sortzea eta lankidetza publiko-pribatua sustatzea espero dugu, funtsezkoa baita finantzaketa gehiago mobilizatzeko eta etxebizitza eskuragarrien parkea handitzeko”, defendatu du Itxasok. Eta gaineratu du: “Euskadi aitzindaria da eta izan behar du Espainiako etxebizitza-politika publikoetan, eta, horretarako, gure inbertsio publikoa bikoizteaz gain, kapital pribatua erakartzeko gai izan behar dugu, egungo bizitoki-larrialdiari aurre egiteko”.

Halaber, sailburuaren arabera, “eraikuntzaren sektorea industrializatzearen alde ere egiten dugu, lehiakorragoa, berritzaileagoa eta inklusiboagoa egiteko asmoz. Sektore erakargarri bat nahi dugu, talentua erakarri eta atxikitzeko, emakume profesional gehiago txertatzeko eta kalitatea hobetuko duten eta etxebizitzen eraikuntzan epeak azkartuko dituzten profilak espezializatzeko gai dena”. Izan ere, “gure bide-orria argia da: lurzoru gehiago, finantziazio gehiago, berrikuntza gehiago eta etxebizitza babestu gehiago, herritarrek etxebizitza eskuragarria izateko duten eskubideari erantzuteko», azpimarratu du Denis Itxasok.

Arreta alokairu sozialean, birgaitzean eta pertsona zaurgarrientzako laguntzetan

EAEko 2024ko etxebizitza-inbertsioaren bi ardatz nagusiak hauek dira: hiri-birgaitzea (175 milioi euro) eta alokairu eskuragarriko etxebizitzen sustapena (129 milioi euro), 2022-2036 aldirako Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburu estrategikoekin bat etorrita.

Era berean, Euskadik estatuko inbertsio osoaren % 84,7 biltzen du alokairuko bitartekaritza publikoko programetan, hala nola Bizigune edo ASAP programetan, eta Estatuan alokairua ordaintzeko emandako hiru eurotik bat. Guztira, 84 milioi euro baino gehiago bideratu dira egoera zaurgarrian dauden pertsona eta familiei etxebizitzarako sarbidea bermatzeko, eta 2024. urtearen amaieran 65.000 onuradun inguru izan dira, prestazio-ildo desberdinak ere kontuan hartuta.