Eusko Jaurlaritzaren eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioa telelana ezarri eta langile publiko gehiagori zabaltzeko

0
PRUEBA

Langile publikoek modu ez-presentzialean lan egin ahal izango dute astean 2 egunetan eta telelanean aritu ahal izango dute, orain arte egin zezaketen langile teknikoez gain, administrari laguntzaileek, administrariek eta arduradunek

Administrazio Orokorraren alorreko Mahai Sektoriala ezohiko eran batzartu da gaur goizean lan ez-presentzialaren lan-modalitateei buruzko akordio-proposamena jorratu eta onartzeko. Proposamen honek EAEko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileei eragiten die eta aplikagarria da zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei, fundazioei eta partzuergoei.

Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatza telelanari buruzko proposamena lantzen mahai teknikoan. Hainbat bilera egin dira testua sindikatuekin batera lantzeko. Hasieratik, Eusko Jaurlaritzak jarrera erabat posibilista izan du modalitate ez-presentziala abian jartzeko helburuarekin.

Hala, Jaurlaritzak proposatu du astean bi egunetan modu-ez presentzialean lan egin ahal izatea eta telelana egiteko aukera, telelanerako zereginak dituzten langile guztiei zabaltzea, baita ordutegi bereziak dituzten langileei ere. Bi egun horiek luzatu edo murriztu ahal izango dira, zerbitzua antolatzeko arrazoiak direla-eta.

Telelana borondatezkoa, itzulgarria eta gehienez urtebetekoa izango da, luzatzeko aukerarekin.

Telelanaren aldeko apustuan, telelana ez da nahitaez etxe partikularrari lotuta egongo, eta prestakuntza-gune berria garatuko da, langileen beharretara egokituta. Prestakuntza online eta nahitaezkoa izango da modu ez-presentzialean lan egingo duten pertsonentzat. IVAPek hilero egingo ditu prestakuntza-ekintzak, eta amaitu ondoren akreditazioa emango da.

Joan den astearteko Mahai Sektorialean sindikatuekin batera landutako proposamen bateratua aurkeztu zen; sindikatuen azken oharrak gehituta, telelana ezartzeko eta langile publiko gehiagori – langile teknikoez gain, administrari laguntzaile, administrari eta arduradunei- zabaltzeko proposamen-akordioa sinatu dute gaur LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

Orain, Eusko Jaurlaritzak barne-tramitazioa hasiko du, eta urrian telelanerako deialdia argitaratzea aurreikusten da.

%0,5eko soldata igoera

Halaber, Gobernu Kontseiluak bihar jorratuko du langile publikoen %0,5eko soldata-igoera, igoera hori uztaileko nominan ordaintzeko. Igoera 2024 urteari dagokio eta atzeraeraginez aplikatuko da, Espainiako Gobernuak berriki igoera hori onartu ostean.