Mikel Torresek lan ingurune seguruak, osasuntsuak eta jasangarriak sustatzearen aldeko apustua egin du, Euskadin gizarte ongizatea areagotzeko

0

Lehendakariordeak dei egin du «pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomikoa indartzeko, baita lan duina baloratuko duena eta lan osasuna gastu bezala ez, baizik eta inbertsio bezala ulertuko duena sustatzeko ere”

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak lan ingurune seguru, osasuntsu eta jasangarrien aldeko apustua egin du, “elkarrekin gizarte eredu bidezkoagoa, osasuntsuagoa eta pertsona guztien ongizatearekin konprometituagoa eraikitzen jarraitzeko”. Gaur, ostirala, Gasteizen egin den Mutualiaren 125. urteurrenaren amaiera ekitaldian, azpimarratu ditu erakunde horrrek izandako ibilbide luzea eta “pertsonei zerbitzua emateko bokazioa duen” lan sistemaren eraikuntzan izan duen funtsezko eginkizuna.

Lan-munduak dituen erronken aurrean, hala nola eraldaketa digitala, biztanleria aktiboaren zahartzea eta laneko ongizate emozionala, Torresek dei egin du “aurrera egiten jarraitzeko”: “Pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat indartzen jarraitu behar dugu, lan duina baloratuko duena eta lan osasuna gastu bat ez, inbertsio bat dela kontuan izango duena”.

Lehendakariordeak nabarmendu du Mutualiak historian zehar egokitzeko izan duen gaitasuna, baliabide publikoen kudeaketa, prebentzioarekiko konpromisoa eta lan osasunaren sustapenari azpimarra eginez. “Mutualia Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaile bat baino askoz gehiago da. Gure gizartean sakon errotuta dagoen erakundea da, aldaketetara egokitzen eta bere funtsa galdu gabe eboluzionatzen jakin duena. Lanaren munduak izan dituen aldaketa handien lekuko eta protagonista izan da”, gaineratu du.

Babes juridikoa

Torresek gogora ekarri du Mutualia 1900. urtean sortu zela, La Previsoraren sorrerarekin, Lan Istripuen Lege aitzindariaren eta Lan Ikuskaritzaren sorreraren babesean.

Lege hori izan zen laneko osasunaren eta segurtasunaren balioa aitortzen zuen lehenetarikoa, eta paradigma aldatu zuen, langileen bizitzari eta osasunari babes juridikoa eskaintzeagatik. Ildo horretan, Lehendakariordeak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak lan osasunarekin duen konpromisoa, gizarte ongizatearen zutabe gisa.