- Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu zentro moderno eta irisgarri honetan, eta, aurrekoaren aldean, jarduera asistentzialerako erabiliko den azalera hiru aldiz handiagoa izango da ia-ia
- Zentro berri honekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak arreta integrala eman nahi die herritarrei, pertsona ardatz hartzen duen prebentzio-ikuspegi batetik
Aretxabaletako osasun-zentro berria gaur, uztailak 21, jarriko da martxan, eta egun horretatik aurrera 7.000 biztanle baino gehiagori emango zaie zerbitzua. Osasun-zentro berria adinekoen egoitza izan zen eraikinean dago, eta herritarren behar asistentzialei erantzuteko espazio eta instalazio modernoagoak eskaintzen ditu. Gainera, zentro soziosanitarioa izanik, lehen aldiz Euskadin, batera eskainiko dira bertan udaleko gizarte-zerbitzuak eta lehen mailako arretako osasun-zerbitzuak.
5 milioi euro inguruko inbertsioa egin denez, aurreko osasun-zentroak zituen 14 kontsulten aldean, eraikin berriak 21 izango ditu. Izan ere, Familia Medikuntzako eta Erizaintzako zerbitzuez gain, Pediatriako eremua edo Emakumeei Arreta emateko eremua ere egongo dira; hau da, ginekologoen eta emaginen kontsultak, ama-haurren hezkuntzarako eta erditzeko prestakuntzarako, eta edoskitze-gela ere. Osasun-zentroko jarduera osatzeko, administrazio-eremua ere badago (arreta pertsonalizatua emateko guneen artean ez dago manpararik), baita erizaintzako eremu bat ere, odol-ateratzeak eta hainbat prozedura egiteko, eta horiez guztiez gain, aldagelak, jarduera komunen eta bileren gela, eta biltegia.
Guztira, 2.000 metro koadro erabilgarri baino gehiago ditu eraikin berriak, beraz, zentroaren ahalmen asistentziala nabarmen handitu da, orain arte herritarrei zerbitzua eman izan dien osasun-zentroarekin alderatuta. Izan ere, aurreko osasun-zentroa etxebizitza-eraikin baten etxabeetan dago eta 528 metro koadroko azalera du guztira. Gainera, bertan ezin denez sartu kontsulta ginekologikorik, ezta prestakuntza-jarduerarik ere, zerbitzu horiek beste gune batzuetara eraman behar izan dira orain arte.
EUSKADIKO LEHEN ZENTRO SOZIOSANITARIOA
Eraikin berriak klimatizazio-sistema aurreratuak ditu, eta lau solairutan banatuta dago. Solairu horietatik hiru jarduera asistentzialerako baino ez dira. Azken solairuan sartuko dira laster udaleko gizarte-zerbitzuak. Horixe da, hain zuzen, zentro berriak dakarren berritasun nagusietako bat, Osakidetzaren osasun-zentro gisa funtzionatzeaz gain, aipatutako zerbitzuak ere hartuko baititu, arreta integrala eskaintzeko, prebentzio-ikuspegitik eta pertsonarengan zentratuta.
Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute proiektu hau Euskadiko osasun-politiken bilakaeraren barruan kokatzen dela, eta bat datorrela, hain zuzen ere, Osasun Itunarekin. Itun horrek funtsezko estrategiak ezartzen ditu, hala nola prebentzioa eta osasunaren sustapena, arreta integrala eta asistentzia-ereduen antolamendu-berrikuntza. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aretxabaletako Udalaren lankidetza du.