Segurtasun Sailak prestakuntza-saioak antolatu ditu motozaleentzat doan eta maila guztietarako

0
PRUEBA
  • 560 pertsonak parte hartu ahal izango dute programa honetan, eta bi modalitate izango ditu: zirkuitu itxian eta zirkulaziorako bide irekietan
  • Izena emateko epea astelehenean, hilak 21, goizeko 9:00etan irekiko da

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prestakuntza-programa bat antolatu du, MotoFormakzioa izenekoa, 125 cc-tik gorako motozikletak gidatzen dituzten pertsonei zuzendua, haien trebetasunak eta abileziak hobetzeko eta, horrela, bide-ezbeharrak prebenitzeko errepidean zaurgarrienetako bat den motor-gidarien kolektiboan. Doako prestakuntza da, maila guztietara egokitua, eta iraileko eta urriko sei asteburutan emango da.

Prestakuntza-saioetan parte hartu nahi dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: A2 edo A gidabaimena indarrean izatea, administrazio-auzotasuna Euskadiko edozein udalerritan izatea, eta 125 cc-tik gorako zilindrada duen motozikleta izatea, egoera onean eta erabiltzeko legezko baldintza egokietan, ibilgailuaren nahitaezko asegurua eta IAT indarrean dituela.

Ekimen hau, Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2025erako Plan Estrategikoan jasota dagoen Eusko Jaurlaritzaren konpromisoari erantzunez antolatzen da. Horren arabera, formakuntzako, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak bultzatuko dira kolektibo zaurgarrien istripuak saihesteko.

Bi modalitate

Guztira 560 pertsonak parte hartu ahal izango dute MotoFormakzioa motozaleentzako prestakuntzan. Saio teoriko-praktikoak bi modalitatetan eskainiko dira: zirkuitu itxian eta zirkulazioari irekitako bideetan.

ZIRKUITU ITXIAN:

Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gidatze-pistetan egingo da. Beraz, gidatzeko trebetasunak praktikatzeko zirkuitu espezifikoak dituen esparru itxi batean egingo da. Hasierako klase teoriko baten ondoren, parte-hartzaileek oreka, balaztatzea, arintasuna edo geldirik egonda egiten diren maniobrak bezalako arloak entrenatuko dituzte.

Prestakuntza lau orduko saio bat izango da, saio bakoitzean 30 parte-hartzaile izango dituena. Zortzi prestakuntza-saio egingo dira egun eta ordutegi hauetan:

  • 1. saioa: 2025.09.13 (larunbata). Goizeko ordutegia: 9:00-13:00
  • 2. saioa: 2025.09.13 (larunbata). Arratsaldez: 15:00-19:00
  • 3. saioa: 2025.09.14 (igandea). Goizeko ordutegia: 9:00-13:00
  • 4. saioa: 2025.09.14 (igandea). Arratsaldez: 15:00-19:00
  • 5. saioa: 2025.10.04 (larunbata). Goizeko ordutegia: 9:00-13:00
  • 6. saioa: 2025.10.04 (larunbata). Arratsaldez: 15:00-19:00
  • 7. saioa: 2025.10.05 (igandea). Goizeko ordutegia: 9:00-13:00
  • 8. saioa: 2025.10.05 (igandea). Arratsaldez: 15:00-19:00

Gehienez parte hartu ahal izango duten motozaleak: 240

ZIRKULAZIOARI IREKITAKO BIDEETAN:

Ertzaintzarekin lankidetzan, Trafiko Zuzendaritzak errepide irekietako hainbat ibilbide diseinatu ditu lurralde historiko bakoitzerako, motozaleentzako izan dezaketen prestakuntza-balioagatik aukeratuak. Hala, modalitate honetan hainbat alderdi jorratuko dira, hala nola errepideko arrisku-adierazleak irakurtzea, motozikletaren gaineko posizionamendua, errepideko posizionamendua, begirada, bihurguneen trazadura, abiadura kontrolatzea eta bidearen ezaugarrietara eta baldintzetara egokitzea, segurtasun-distantzia eta motozaleei haien eta besteen segurtasuna bermatuko duen prebentziozko gidatze bat egiten lagun diezaiekeen guztia.

Parte-hartzaile bakoitzak ordu eta laurdeneko prestakuntza pertsonalizatua jasoko du, bere mailara eta beharretara egokitua. Zortzi saio egingo dira, hiru lurralde historikoetan banatuta. Saio bakoitzak bost txanda ditu, eta txanda bakoitzak motozaleentzako zortzi plaza.

  • 1. saioa: 2025.09.20 (larunbata): ARABA
  • 2. saioa: 2025.09.21 (igandea): ARABA
  • 3. saioa: 2025.10.11 (larunbata): BIZKAIA
  • 4. saioa: 2025.10.12 (igandea): GIPUZKOA
  • 5. saioa: 2025.10.18 (larunbata): GIPUZKOA
  • 6. saioa: 2025.10.19 (igandea): ARABA
  • 7. saioa: 2025.10.25 (larunbata): BIZKAIA
  • 8. saioa: 2025.10.26 (igandea): BIZKAIA

Gehienez parte hartu ahal izango duten motozaleak: 320

Izen-ematea

Izena emateko epea astelehenean, uztailak 21, irekiko da, goizeko 9:00etan. Esteka honetako formularioa betez erreserbatu ahal izango da plaza: https://www.trafikoa.euskadi.eus/motozaleentzako-prestakuntza

Motozaleen ezbehar-tasa

Iaz, 2024an, 15 motozale hil ziren Euskadin zirkulazio-istripuz. Hau da, gure errepideetan hil ziren pertsonen %40 baino gehiago motozaleak izan ziren. Urte horretan bertan, 526 moto-istripu izan ziren, eta 447 pertsona zauritu ziren. Aurten, 2025eko lehen sei hilabeteetan, 5 motozale hil dira.

2024aren amaieran, Euskadin 163.790 motozikleta zeuden erregistratuta.