Eusko Jaurlaritzaren etsipena Europako funtsak zentralizatzeko mehatxuaren aurrean

0
PRUEBA

Zazpi urtean behin bezala, atzo aurkeztu zuen Europako Batzordeak 2028-2034 aldirako Urte Anitzeko EBren Finantza Esparru Berriaren Proposamena (MFP), guztira ia 2 bilioi euroko zenbatekoarekin, hau da, EBren Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,26arekin parekatzen dena (NextGenerationEU Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren zor-interesen ordainketa kenduz gero, 1,816 bilioi eurora jaisten da). Eusko Jaurlaritzak, maiatzean egindako kontsulta publikoan aurkeztutako ekarpenean, kohesio-politika moderno eta deszentralizatu baten alde egin zuen, erronka berriei aurre egiteko gai izango zen aurrekontu erkide ausartago baten alde, EBren BPGaren %2raino irits zitekeena, eta eskumen legegile propioa duten eskualde industrializatuen paper aktiboa aldarrikatuz.

Europar Batzordearen proposamenak egungo, Urte Anitzeko Finantza Esparrua (MFP) sinplifikatu nahi du, eta 2021-2027 aldirako egungo zazpi atalak lau atal nagusietara murrizten ditu. Proposatutako lau atalak hauek dira:

  1. Kohesio ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa; nekazaritza; landa eta itsasoko oparotasuna; eta segurtasuna: 1.062.220 milioi euro
  2. Lehiakortasuna, oparotasuna eta segurtasuna: 589.594 milioi euro
  3. Europa global bat: 215.203 milioi euro
  4. Administrazioa: 117.877 milioi euro

Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratzen du 2028-2034 MFP proposamenak, lehiakortasuna eta berrikuntza ardatz estrategiko gisa kokatzea. Horrela, 2028-2034 aldian 409.000 milioi euroko aurrekontua izango duen Europako Lehiakortasun Funtsaren sorrera jauzi kualitatibo bat da berrikuntza, garapen teknologiko eta eskala handiko industrializazioari ematen zaion babesari dagokionez Europan. Funts honek I+G kate osoa estaltzen duen ikuspegi integrala finkatzen du, ikerketa basikotik hasi eta industria-mailako ezarpen teknologikoraino, eta bere funtzionamendua estuki uztartzen da berritu den Horizonte Europa programarekin. Halaber, Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusten du Horizonte Europa programa zutabe autonomo gisa mantentzea, baina Lehiakortasun Funtsarekin guztiz integratua egotea, programazio bateratu baten eta ikuspegi koherente baten bidez. Ez dugu zalantzarik Europako Batzordearen ikuspegi berriak —bikaintasuna, sinplifikazioa eta zientzia zein industria balio-kate osoan zehar inbertsioa bizkortzea azpimarratzen duenak— onura handiak ekarriko dizkiola berrikuntza-maila handiko lurralde bati, hala nola Euskadiri.

Eusko Jaurlaritzak gertutik jarraituko du «Europa Konektatu» Mekanismoaren finantzaketa aurreko esparruarekin alderatuta bikoitza baino gehiago izatearen proposamena. Garraio- eta energia-azpiegituren mugaz gaindiko zatiak lehenestea aukera estrategikoa da mugaz gaindiko lurraldeentzat, hala nola Euskadirentzat, betiere Europako Batzordeak estatu kideei betebehar horiek zorrotz bete ditzatela eskatzen badie.

Bestalde, Batzordearen proposamenak kohesio-, nekazaritza-, gizarte-, arrantza- eta segurtasun-politikak funts bakar batean bateratuko lirateke, kudeaketa partekatuaren bidez: Ekonomikoki, Lurraldeari, Gizarteari, Landa eta Itsas Inguruneari eta Segurtasunari Buruzko Europako Oparotasun Iraunkorraren Funtsa izenpean. Ursula Von der Leyen presidenteak iragarri bezala, Batzordeak herrialde bakoitzeko plan bakar bat proposatuko du, Elkarlan Plan Nazional eta Erregionala izenekoa (ingelesez, NRP – National and Regional Partnership), zeinetan Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) ere sartuko den.

Nahiz eta Batzordearen proposamenak aurrekontu gutxiegi aurreikusten dion, oraingoaren antzekoa, eta hori bat ez datorren lankidetza-programa mugaz-gaindiko, transnazional eta eskualde artekoen benetako balio erantsiarekin eta benetakotasun osagarriarekin, nabarmendu beharra dago Europako lurralde-lankidetzarako Interreg programak berezko plan bat izango duela.

Europako Batzordeak finantza-esparru ezagunetan egin nahi duen aldaketa erradikal honentzako argudioak sinplifikazioa eta malgutasuna dira. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak kezka sakona adierazi du eskualde-funtsen kudeaketarako egituratuta eta ondo finkatuta dauden sistemak desegiteko arriskuagatik, eta aldaketa horiek Europako inbertsioen eraginkortasunaren ikuspegitik izan ditzaketen ondorioengatik.

Tamalez, Europako Batzordeak ez du kontuan hartzen eskualdeek hurrengo MFPren prestaketa-prozesuan zehar egin dituzten ekarpenak. Ekarpen horiek hainbat bide erabiliz helarazi dira: Europako Batzordeko presidenteari bidalitako gutunak, Eskualdeetako Komitearekin eta 140 eskualde baino gehiagorekin batera; “Power Regions” izeneko eskualde industrial eta berritzaileen manifestua; edo eskumen legegileak dituzten eskualdeen ekarpenak, RLEG ekimenaren bitartez. Mobilizazio horren guztiaren ondoren ere Europako Batzordeak herrialde bakoitzeko plan bakar batean tematzen jarraitzen du. Oparotasun eta Segurtasun Funtsaren araudiak aurreikusten du bere kudeaketa deszentralizatzeko eta ordenamendu konstituzionala errespetatzeko aukera batzuk egon daitezkeela, eskumen legegileak ditugun eta estatu kide baten barruan errealitate nazionalak ordezkatzen ditugun eskualdeek eskatu dugun moduan. Hala ere, deszentralizazio hori borondatezkoa izango da estatu kideentzat, eta ezin izango da gaur egunean egiturazko eta inbertsio funtsek daukaten deszentralizazioa lortu, adibidez Batzordeak programa regionalen ordainketa zuzenak eginez.

Gainera, funtsen jasotzea gobernantza makroekonomikoaren eta Europako seihilekoaren menpe egongo da, eta horrek presio handiagoa eragingo du programak estatu mailako erreformetara egokitzeko, eskualde europarren kohesio-beharrak kontuan hartu gabe. Estatu kideari ordainketak egitea Plan batean aurrez ezarritako mugarri eta helburuetara lotzea —oraingo Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren eredua aplikatuz— kaltegarria izan daiteke, baldin eta mugarri eta helburu horiek eskualdeen errealitate sozial eta ekoizpen-egiturara egokitzen ez badira. Hori horrela, funts horiek galtzeko arriskua ere egon daiteke.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, proposamen honek atzerapauso larria dakar eskualdeen parte-hartzean Europar Batasunaren gobernantza maila-anitzean, eta atzerapauso hori ez dago justifikatuta. Euskadik irmoki arbuiatzen du, eskualdeen interesentzat —bereziki eskumen legegile edo konstituzionalak dituztenentzat— ez ezik, Europar Batasun osoarentzat eta, azken batean, herritarrentzat ere kaltegarria delakoan. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritza Europako erakundeekin lankidetzan jarraituko du proiektu europarra sendotzeko eta bere balio funtsezkoak babesteko: askatasuna, justizia soziala, demokrazia eta elkarbizitza.

Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) murrizketa handia jasaten ari da aurrekontuari dagokionez, bi zutabetako sistema (zuzeneko ordainketak eta landa garapena) ezabatzen da, eta politika hau funts handi batean integratzen da Europa mailan. Hori guztia kezka-iturria da, izan ere, NPBk bere independentzia gal dezake eta laguntza asistentzial hutsezko mekanismo bilakatu, nekazaritza-sektorean inbertsioa eta berrikuntza sustatzera bideratutako politika izaten jarraitu beharrean. Halaber, beldurra dago ingurumen-helburuak ahuldu egin daitezkeela eta bigarren plano batera pasa daitezkeela.

Europako Batzordearen proposamenak defentsa eta segurtasunaren arloko aurrekontuaren igoera nabarmena islatzen du, sektore tradizional europarrak ahulduz. Aurreko aldiarekin alderatuta bost aldiz biderkatzen da finantzaketa, eta proposatutako aurrekontu orokorraren %7,21 da. Bestalde, lehiakortasunaren arloan politika europar desberdinak funts bakar batean biltzen dira, eta AgoraEU Funts berria jartzen da martxan kulturaren eta herritartasunaren alde, hezkuntza arloko aurrekontua ere handituz. Era berean, «Europa Global» Funtsa indartzen da nazioartekotzeari begira, eta aurrekontuaren %11,85 xurgatuko luke.

Europak politika ausartak behar ditu aurrean dituen erronkei aurre egiteko. Orain negoziazio-fasea irekitzen da, akordioak bilatzeko, eta Eusko Jaurlaritza prest dago aktiboki parte hartzeko, bazkide estrategiko gisa. Estatuak bideak ezarri behar ditu Autonomia-erkidegoek gure proposamenak egin ditzaten estatu kideen eta Europako Batzordearen arteko negoziazioetan helburu argi batekin: Europa erresilienteago, lehiakorrago, berritzaileago eta kohesionatuago bat lideratzea.