Euskal Osasun Sistemaren egitura berria, arreta modernizatzeko eta herritarrentzako eta profesionalentzako kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatzeko

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak egitura berria izango dute agintaldiaren lehen urtea betetzen den honetan. Lehen urteak premiazko erronken kudeaketa eta euskal osasun publikoaren sistema epe ertain eta luzera eraldatzeko oinarriak eraikitzea izan ditu ardatz.

Aldi horretan, asmo handiko txoke-plan bat zabaldu da, Lehen Mailako Arretaren irisgarritasuna hobetzeko eta itxaron-zerrendak murrizteko, Euskadiri ez ezik Europa osoari ere eragiten dion profesionalen defizitaren testuinguruan. Helburu batzuk lortu badira ere, premiazkoak diren gaiei heltzeko mekanismoek aktibo jarraitzen dute.

Lehen urte honetan, halaber, profesionalei, pazienteei eta gizarte-eragileei aktiboki entzun zaie, eta, horri esker, akordio sektorialetan aurrera egin ahal izan da eta Osakidetzako plantilla egonkortu, 46.000 pertsonako plantillan behin-behinekotasuna % 37tik % 11ra murriztuz. Halaber, EPE eredu berri baten diseinuan aurrera egin da, eta horri esker, 4.000 plaza baino gehiago deitu ahal izango dira abendutik aurrera.

Euskal Osasun Ituna, aurrera doan entzute-prozesua

Entzuteko ariketa hori Euskadiko Osasun Itunaren prozesuan gertatu da, bertan, 550 aditu baino gehiagok eta 30 eragilek (profesionalak, pazienteen elkarteak, unibertsitateak, enpresak, sindikatuak eta alderdi politikoak) parte hartu dute. Parte-hartzaile guztiek antolamendua modernizatzeko, asistentzia-berrikuntzarako eta digitalizaziorako beharra adierazi dute, zerbitzuak pertsonarengan zentratuz eta iraunkortasunaren eta datuen kudeaketaren eraginkortasunaren alde eginez.

Erronka horiei aurre egiteko eta euskal osasun-sistema publikoa eraldatzeko urrats irmoa emateko, Osasuneko sailburuak Sailean eta Osakidetzan egitura berri bat izango dela iragarri du, lidergo eta ikuspegi estrategiko berrietan oinarrituta:

  • Orain arte Osasun Sailburuordetza zena OSASUN SAILBURUORDETZA: OSASUN-ARLOKO ERALDAKETA DIGITALA ETA EMAITZAK bihurtu da eta sistemaren transformazioaren buru izateko misio estrategikoa du. Gontzal Tamayo Medel izango da buru – Enrique Peiróren ordez-, eta Inés Gallego Camiña sartuko da taldean, Osasun-arloko Eraldaketa: Analisia, Plangintza eta Herritarren Parte-hartzea zuzendaritzaren buru.

Sailburuordetza berri horren eginkizun nagusiak dira, besteak beste, osasun-politikak garatzea eta ezartzea, prebentzio-estrategiak sustatzea eta osasun arretaren kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea, bai eta osasun-digitalizazioa, telemedikuntza eta osasun-erregistro elektronikoak ezartzea bultzatzea ere.

Osasun-emaitzen esparruan, honako helburu hauek ditu: arretaren kalitatea eta eraginkortasuna neurtzeko adierazleak garatzea, hobekuntza-arloak identifikatzeko datuak aztertzea eta euskal osasun-sistema optimizatzea ahalbidetuko duten etengabeko hobekuntza-prozesuak ezartzea.

Gontzal Tamayo Medel, Osasuneko sailburuordea: Osasun-arloko Eraldaketa Digitala eta Emaitzak

Horrela, Osasun Sailak osasun-sistema eraldatzeko apustua indartu du, sailburuordetza estrategiko baten bidez. Sailburuordetza hori izango da euskal osasun-sistema modernizatzeko joera markatuko duen itsasargia, eraldaketa osasun-emaitzetara bideratutako ikuspegi batekin gidatuz.

Sailburuordetza honi agindutako misioa funtsezkoa da Euskadiko osasunaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Horregatik, ezinbestekotzat jo da profil berritzailea eta lidergo-gaitasun handikoa izatea kargu horretarako. Gontzal Tamayo Medelek hartu du kargu horren ardura, eraldaketa digitalean erreferente baita (digitalizazioa, teknologia eta osasun-emaitzen neurketa), orain arte Osasun Ministerioaren lantaldeetan Osasun Sailaren Plangintzako zuzendari izan da. Profil berritzailea eta lidergo-gaitasun handikoa aukeratzeak euskal osasun-sistemaren berrikuntza gidatzeko beharrari erantzuten dio, osasun-emaitzetara eta etengabeko hobekuntzara bideratutako ikuspegiarekin.

Anestesiologiako eta bizkorketako espezialista, Tamayok ibilbide sendoa du arlo-klinikoan eta osasun-kudeaketan. Diziplina anitzeko prestakuntzagatik nabarmentzen da, eta Deusto Business School-en egindako (2024) berrikuntza eta kudeaketa sanitarioko graduondokoa du, besteak beste. Nazioartean, Finnish Socail and Health Data Permit Authority Findata-rekin (Osasun Datuaren eta Emaitzen Bulegoaren Finlandiako sistema) izandako esperientzia nabarmentzen da, eta Senior Educator Advisory Boardeko Chair izan da (American College of Surgeons-eko Committee on Trauma), Europan prestakuntza-programen garapenean aktiboki parte hartuz.

Osasun Sailburuordetza: Osasun-arloko Eraldaketa Digitala eta Emaitzak funtsezko zutabea da euskal osasun-sistema eraldatzeko, Osasun Sailak modernizazioarekin, eraginkortasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa sendotuz, eta osasun-arretan eta herritarren ongizatean etorkizuneko joerak markatuko dituen erreferente gisa kokatuz.

Inés Gallego Camiña, Osasun-arloko Eraldaketa: Analisia, Plangintza eta Herritarren Parte-hartzea zuzendaritzaren buru

Tamayorekin batera, bere taldean sartu da Inés Gallego Camiña, orain arte Gurutzetako Ospitaleko Berrikuntzako zuzendariordea izan dena. Horrela, berrikuntzaren, kalitatearen eta pertsona ardatz duen arretaren aldeko apustua indartzen da osasun-sistema publikoan.

Gallegok ibilbide sendoa egin du osasun-arlo publikoan, eta espezialista da asistentzia-kalitatean, antolaketa-berrikuntzan eta balioan oinarritutako osasun-arretan. Orain arte, Osakidetzako Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIan izan da, osasun-emaitzak eta pazienteen esperientzia hobetzeko proiektuen buru.

Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua, bere ikuspegi estrategiko eta integratzaileagatik nabarmentzen da, ikuspegi sistemikoak eta metodologia parte-hartzaileak aplikatuz, bai antolaketa-kudeaketan, bai osasun-sisteman parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzean. Bi hamarkadatik gorako esperientziarekin, asistentzia-ereduaren eraldaketa bultzatu du, arreta hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa lortze aldera, erakunde konplexuen barruan kultura-aldaketaren bideratzaile gisa jardunez.

Euskadiko Osasun Itunean, Gallegok 22. ildo estrategikoko lantaldea dinamizatu du, deliberazioari eta erabaki partekatuak hartzeari buruzkoa, herritarren parte-hartzea sustatuz eta herritarrek, elkarteek eta pazienteek osasun gardenagoa, inklusiboagoa eta pertsonengan oinarritua eraikitzeko duten zeregin aktiboa indartzeko ibilbide-orria sendotuz.

Inés Gallego Osasun Sailean sartzeak errefortzu kualitatiboa dakar, ikuspegi teknikoa eta giza-ikuspegia emanez eta euskal gizartearen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa hartuz.

  • Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzak OSASUN-ARLOKO GOBERNANTZA ETA IRAUNKORTASUNEKO SAILBURUORDETZA izena hartu du, sistemaren kudeaketa eta iraunkortasuna indartzeko, eta Aritz Uriarte Fuertes izango da horren buru.

Aritz Uriarte Fuertes, Osasun-arloko Gobernantza eta Iraunkortasuneko sailburuordea

Osasun Sailak urrats irmoa eman du osasun-sistemaren kudeaketa iraunkorragoa eta zorrotzagoa izan dadin, eta egungo Osasun Administrazio eta Finantzaketako Sailburuordetza Osasun-arloko Gobernantza eta Iraunkortasuneko Sailburuordetza bihurtu du. Aldaketa horrek Osasun Itunaren ondoriozko erronka eta konpromiso berriei aurre egiteko beharrari erantzuten dio, gobernantza aurreratuko helburu eta tresnak barne hartzen dituen ikuspegi berritua txertatuz, baita funtsezko eztabaidak bultzatuz ere, hala nola lankidetza publiko-pribatua osasunean.

Etapa berri hau gidatzeko, Aritz Uriarte Fuertesek hartuko du Osasun-arloko Gobernantza eta Iraunkortasuneko ardura.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua (EHU), Fiskalitatean masterra (IE-Law School) eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzan masterra (CEF). Enpresa-aholkularitzan ibilbide sendoa egin ondoren, 2017an sektore publikoan sartu zen, eta Azpiegiturak sozietate publikoaren ekonomia- eta finantza-saila eta zerbitzu korporatiboetako saila zuzendu ditu. Uriartek bere lan profesionala irakaskuntzarekin eta ikerkuntzarekin uztartzen du. Politika Publikoen eta Historia Ekonomikoaren Saileko irakaslea da, eta Integrazio Ekonomikoan doktoratzen ari da, biak EHUn.

Izendapen horrekin, Osasun Sailak berritu egin du euskal osasun-sistemaren kudeaketaren iraunkortasunaren, eraginkortasunaren eta bikaintasunaren aldeko apustua.

  • OSAKIDETZAn, Lore Bilbao Artetxek, orain arte Saileko sailburuorde izandakoak, bere gain hartu du ZUZENDARITZA NAGUSI berria, eta bere esperientzia emanez kudeaketa publikoan, antolaketan eta baliabideen integrazioan, Susana López Altunaren ordez.

Lore Bilbao Artetxe, Osakidetzako zuzendari nagusia

Esperientzia eta ezagutza, euskal osasun-sistemaren erronkei aurre egiteko. Lore Bilbao Artetxe izango da Osakidetzako zuzendari nagusi berria, gerentzia-izaera nabarmena duen profila eta baita Euskadiko Osasun Itunaren ezagutza handia ere, bai bere eztabaidari dagokionez, bai bere eduki eta ondorioei dagokienez. Industria-ingeniaria, Antolaketan espezializatua (EHU), zuzendaritza eta kudeaketa publikoan ibilbide sendoa duena. Bilbaok kudeaketan zorroztasuna erakutsi du, eta gaitasun nabarmena prozesuak optimizatzeko eta giza baliabideak, baliabide teknologikoak eta finantzarioak integratzeko, horiek funtsezko faktoreak baitira euskal osasun-sistemaren eraginkortasuna hobetzeko.

Orain arte sailburuordea eta ageriko aurpegia izan da Osasun Itunaren agerraldietan eta Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta prestakuntza nabarmena du: Enpresen Kudeaketako masterra eta Pertsonen Zuzendaritzako graduondokoa goi-mailako erakundeetan, baita Enpresen Antolakuntzako ikasketa aurreratuetako diploma ere. Lore Bilbao buru duen zuzendaritza nagusi berriak sailburuordetzen helburu partekatuetan aurrera egiteko eta Osakidetzaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko erronka hartu du bere gain.

  • Maite Martínez de Albéniz Zabaleta, ibilbide luzeko doktore neurologoa, OSAKIDETZAREN DONOSTIALDEA ESIaren buru izango da, Gipuzkoako etorkizuneko Osasun-poloaren garapena eta Tolosaldeko ospitale publiko berria bultzatuz.

Maite Martínez de Albéniz Zabaleta, Donostialdeko ESIko zuzendari gerentea

Osakidetzak Maite Martínez de Albéniz Zabaleta doktorea izendatuko du Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendari gerente berri gisa, lurralde honek bultzatzen duen eta Euskadi osoan eragina izango duen osasun-poloaren garapenerako eta proiekziorako funtsezko etapa batean.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen ardatzean osasun-polo berria sortzearen eta etorkizunean Tolosako ospitale publiko berriarekin lurralde osorako hedatzearen atarian, Martínez de Albéniz gipuzkoarraren izendapenak eraldatzeko potentzial handiena duen ESIetako batean lidergoa eta etorkizunerako ikuspegia indartzeko helburuari erantzuten dio. Testuinguru horretan, Martínez de Albéniz arduratuko da proiektu estrategiko handiak abiarazteaz, besteak beste, Osakidetza tratamendu onkologikoan nazioarteko abangoardian jarriko duen protonterapia-zentro berritzailea.

Maite Martínez de Albéniz doktorea neurologoa da, gaixotasun zerebrobaskularretan aditua, eta Kudeaketa Sanitarioko masterra du. Azken urtean, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari gisa jardun du, eta ikuspegi eguneratua eta estrategikoa eman dio erakundeari. Aurretik, Neurologiako Ospitalizazioko burua eta Iktusaren Unitateko koordinatzailea izan zen Donostia Unibertsitate Ospitalean; zuzendariorde medikoa zentro berean, eta Neurologiako irakasle EHUn. Gainera, esperientzia handia izan du ikerkuntzan eta estatu-proiektuetan, eta Neurologiako Espainiako Elkarteko presidenteordea izan da (2022-24).

Izendapen berri honekin, Osakidetzak osasun sistemaren aurrerapenarekin duen konpromisoa indartzen du, herri eragineko proiektu berritzaileak bultzatzen dituzten eta euskal osasunarentzat garapen aukera berriak irekitzen dituzten liderren alde eginez.

Horrela, egitura berri horrek diziplina anitzeko talde baten aldeko apustua dakar, antolakuntzaren eta teknologiaren modernizazioari aurre egiteko eta euskal gizarteak zahartze demografikoaren eta globalizazioaren arloan dituen erronkei erantzuteko.

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, «XXI. mendearekin bat datorren osasun-sistemaren oinarriak bizkortzeko eta indartzeko unea iritsi da, profesionalen, administrazioaren eta herritarren parte-hartzearekin, Osakidetza Europan erreferente bihurtuz».