Euskorpora elkarteari gehienez ere bost milioi euroko dirulaguntza zuzena ematea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Euskorpus proiektu estrategikoaren baitan. Ekarpen hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatzen dute, eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzarekin, garapen teknologikoarekin eta euskarak ingurune digitalean duen presentzia aktiboarekin duen konpromisoa indartzen du. Ekimen honetan Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ere aktiboki parte hartuko du, hizkuntzaren teknologiako ikerketa bultzatuta eta garatuta.
Euskorpus proiektua ekimen publiko-pribatua da, eta Euskorpora du buru. Irabazi-asmorik gabeko elkarte hori 2024ko urtarrilean sortu zen, teknologia digitalei aplikatu beharreko euskarazko hizkuntza-datuak kudeatzeko eta garatzeko. Helburu nagusia da euskararen etorkizuna bermatzea gero eta digitalizatuagoa den gizartean eta, horretarako, euskarazko testuen corpus digitala metodikoki sortzea eta kode irekiko adimen artifizialeko ereduak garatzea.
Teknologia digitalen bilakaera azkarra hizkuntza nagusien baldintza beretan lortu ezin duten hizkuntzek desagertze digitalari aurre egiteko arrisku larria dute. Hori dela eta, euskarak garapenerako funtsezko tresna izan behar du, agertoki digital eta globalizatuan, eta, beraz, euskarazko corpus digital hori sortzen lagundu behar da, hura kontserbatzen, mantentzen eta industria-sarean zein gizarte-ehunean eragina sortzen laguntzeko, hizkuntza-baliabide digitalen Europako esparrura konektatuta.
Euskadiren behar estrategikoetatik abiatuta, Euskorporak lan egingo du sektore desberdinek (Justizia, Hezkuntza, Osasuna, e-Administrazioa, Segurtasuna, Elikadura, Industria Adimenduna, Gizartea, etab.) eskatzen dituzten euskarazko hizketa- eta lengoaia-teknologietan oinarritutako soluzioak/aplikazioak identifikatzeko.
Inbertsio horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskarazko industria teknologikoa sustatu nahi du, hizkuntzaren teknologiei lotutako sektore estrategikoetan berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatuta.
Euskorpus: euskararen etorkizun digitalaren aldeko apustu estrategikoa
Euskorpus proiektuak hiru fase izango ditu:
- Plangintza eta definizioa: bulego teknikoa martxan jartzea, eta corpus mota eta sektore estrategikoak definitzea.
- Garapena: hizkuntza-corpusak biltzea, kode irekiko oinarrizko ereduak garatzea eta azpiegitura teknologikoak sortzea.
- Transferentzia eta ustiapena: corpusak eta ereduak merkatu digitalean integratzea, enpresek, erakundeek eta herritarrek erabil ditzaten erraztuta.
Eusko Jaurlaritzaren AROA Marko Estrategikoan atzemandako behar honi erantzuten dio proiektuak: euskara bezalako hizkuntza gutxituentzat arriskutsua da eremu teknologikoan irmoki jarduten ez bada. Euskorpus proiektua, alde horretatik, funtsezko tresna da hizkuntza-berdintasuna ziurtatzeko adimen artifiziala eta ingurune digitala erabiltzean.
Ekimen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko duen konpromisoa berresten du, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren helburuekin lerrokatuta eta euskara kultur ondare immaterial gisa indartzen lagunduta.