Eusko Jaurlaritzak 5,8 milioi euro bideratuko ditu osasun arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako

0
PRUEBA

Osasun Sailak abian jarri du osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetzeko proiektuetarako laguntzen deialdia

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du osasun arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2025. urteko deialdia; 5,8 milioi euro bideratuko ditu. Hala, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetzeko proiektuetarako laguntzen deialdi hau jarri du abian Osasun Sailak.

Osasun Sailarentzat I+G+b arloko jarduerak bultzatzea ildo estrategikoetako bat da eta, horretarako, ikerketa sustatzen du osasun-sistemaren beharrei erantzuteko eta lankidetza bultzatzeko, osasun-sistemaren barruan, baita beste erakunde batzuekin ere, I+G+b arloko proiektuak sortzeko eta elkarrekin garatzeko, betiere pertsonen onurarako.

Hori dela eta, laguntza hauek zabaldu egin daitezke, eta helburua dute pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduna hobetzen laguntzea, baita osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko dituzten ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak garatzen laguntzea ere.

Zehazki, hiru laguntza-ildo dira:

  • Osasun arloko ikerketa-jarduera sustatzea I+G proiektuen bidez, helburu hartuta osasun-sistemaren ahalmena indartzea eta osasun-sistemaren eta gizartearen eskaerei hobeto erantzuteko behar den ezagutza sortzen eta integratzen laguntzea.
  • Osasun arloko ikerketa-jarduera areagotzea, jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+Gko proiektuen edo jardueren bidez, I+Gko jardueretarako dedikazioa areagotzeko eta Euskadiko osasun-sisteman ikerketaren kultura indartzeko.
  • Osasun arloko ikerketa estrategikoa indartzea, Euskadiko lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik sortutako I+G proiektuen bidez, horiek ahalbidetu egiten baitute produktu, prozesu edo zerbitzu berrien balorizazioan eta garapenean aurrera egitea, RIS3 Euskadi-ZTBP 2030 estrategiaren ildotik

Ikerketaren eta berrikuntzaren sustapenak oinarri ditu Osasun arloko ikerketa eta berrikuntza estrategia 2022-2025 eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030). Horiek RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategian dute oinarria, eta horretan osasun pertsonalizatua lehentasunezko hiru arloetako bat da.

Ildo horretan, laguntzen deialdiak, alde batetik, 3.150.000 € bideratuko ditu osasun arloko ikerketa-jarduera sustatzeko eta osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzeko lerroko proiektuetarako, eta 2.650.000 €, osasunaren arloko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroetako proiektuetarako.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean (ZTBES) dauden pertsonek eta ikerlari-taldeek hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita.