Eusko Jaurlaritzak 5,8 milioi euroko dirulaguntza deialdia onartu du osasun arloko ikerketa-eta garapen-proiektuetarako

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du osasun arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2025. urteko deialdia, 5,8 milioi euroko aurrekontua duena.

Alberto Martinez, Osasuneko sailburuak azaldu duenez, laguntza hauek helburu dute pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduna hobetzea, baita osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko dituzten ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak garatzen laguntzea ere.

Zehazki, hiru laguntza-ildo dira: osasun arloko ikerketa-jarduera sustatzea I+G proiektuen bidez; osasun arloko ikerketa-jarduera areagotzea, jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+Gko proiektuen edo jardueren bidez eta osasun arloko ikerketa estrategikoa indartzea, Euskadiko lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik sortutako I+G proiektuen bidez.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean (ZTBES) dauden pertsonek eta ikerlari-taldeek hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita.

 

19 milioi doktoratu aurreko eta ondoko laguntzetarako

Gaurko Gobernu Kontseiluak 19 milioi euroko partida bat onartu du doktoratu aurreko eta ondoko laguntzetarako. “Gaur onartutako laguntza-deialdiari esker, bultzada berri bat emango zaie 2025-2026 ikasturtean doktoreak ez diren ikertzaileak eta doktoreak direnak prestatzeko programei; izan ere, 19 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izango du laguntza programa honek, aurreko urtearekin alderatuta ia %14 gehiago” azaldu du Maria Ubarretxena bozeramaileak.

Deialdietan aurreikusten da 525 kontratu ematea ikertzaileei, honela banatuta: 414 doktoratu aurreko kontratuak eta 111 doktoratu ondoko kontratuak, laguntza berriak zein berritzeak kontuan hartuta.

Gainera, Ubarretxenak aditzera eman duenez, doktoretza aurreko deialdia Egonlabur nazioarteko mugikortasun programarekin osatzen da. Programa horrek 4 eta 6 hilabete arteko egonaldiak finantzatzen ditu atzerrian, doktoretza tesian nazioarteko aipamena lortzea erraztuz. “Eta doktoretza ondoko deialdiari dagokionez, urtebeteko luzapena du, nazioarteko egonalditik itzuli ondoren, hau da, bi urtetik hiru urtera” gehitu du Ubarretxenak.

Bestalde, berrikuntza gisa, efizientzia eta karga administratiboa murrizte aldera, deialdi berrian zuzenean sartzen da nazioarteko mugikortasunaren finantzaketa, doktoratu ondoko kontratuaren lehen bi urteetan. Horrela, ez da Ikermugi+ bezalako laguntza gehigarririk eskatu beharko eta prozesu burokratikoak nabarmen sinplifikatuko dira

 

Euskarazko adimen artifizialari bultzada

Gaurko gobernu-kontseiluan onartu da, halaber, 5 milioi euro bideratzea euskarazko adimen artifizialaren garapena bultzatzeko “Euskorpus” proiektura. Euskorpus proiektuari esker, euskaraz kalitatezko corpus digital bat garatuko da, hizkuntza-teknologietan errazago integratzeko eta euskal ehun ekonomiko eta industriala dinamizatzeko. Euskorpusek 10,55 milioi euroko finantzaketa izango du guztira 2025-2027 aldirako.

 

Laguntzak mugikortasun alorrean

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Euskadiko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrietako eta segurtasuneko sistemak ezartzeko 2025. urterako laguntza-programaren deialdia egin eta arautzen duen agindua onartu du gaur. Horrekin, Eusko Jaurlaritzak bigarren belaunaldiko takografo adimendunak instalatzeko dirulaguntzak emango ditu.

Mugikortasun jasangarriaren eremuan baita ere, Gobernu Kontseiluak Euskotrenen lan-kontratuko langileen 48 hornidura baimentzea onartu du, beharrezkoak baitira Donostiako topoaren lurpeko igarobidea eta Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidea martxan jartzeko. Trenek 2026an zirkulatuko dute, maiztasun eta bidaia hobeekin Donostialdean, hiriburuan aldaketarik egin gabe. Horien bidez, 2026an trenak Donostialdean ibiliko dira maiztasun hobeekin eta hiriburuan tren-aldaketarik egin gabe.

 

Zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko doako lagapena

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Zumarragako Udalak doan lagatzea Faustino Orbegozo Fundazioaren eremuan dauden bi finka, titulartasun publikoko zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko.

Ubarretxenak, Etxebizitza sailari dagozkion beste akordioen berri eman du. Batetik, Amurrioko Udalarentzat dirulaguntza bat arautzen duen akordioaren bigarren aldaketa; dirulaguntza hori Goikolarra auzoko hiri-berroneratzeko jarduketetara dago bideratuta,  guztira, 3,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Eta bestetik, Dimako Oba Goikoa auzoan luiziek kaltetutako hornidura-sarea hobetzeko proiektuak eragindako ondasun eta eskubideak okupatzea premiazko dela deklaratu da. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak bultzatutako proiektu horri esker, Obako Atxa mendiaren hegalean izandako luizi batek eragindako kalteen ostean, hornidura bermatu ahal izango da.

 

Turismo-sektoreari zuzendutako konpetentzia digitalen prestakuntza-programa

Gobernu Kontseiluan onartu da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena, Next Generation funtsen bidez finantzatzen den turismo-sektorerako konpetentzia digitalen prestakuntza-programa garatzeko.

Programa horretara 2 milioi euro inguru bideratuko dira, eta prestakuntza-ikastaroak gutxienez 150 ordukoak izango dira. Programa gauzatzeko epea 2026ko maiatzaren 31 artekoa da, baina 2026ko ekainaren 30era arte luzatzeko aukera egongo da.

Era berean, Gobernu Kontseiluak 108.900 euroko dirulaguntza bat ere onartu du Bizkaidendak elkartearentzat, Berriro proiektua garatzeko. Tokiko merkataritzarako fidelizazio digital integraleko tresna bat da, eta laguntza horri esker, elkarteak bere fidelizazio-programak modu autonomoan kudeatu ahal izango ditu, bere behar espezifikoetara egokituz eta merkataritza-inpaktua maximizatuz.

Tresna hori erabat txertatuta egongo da Euskaldendak ekosisteman (Bizkaidendak kide den Euskadiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen konfederazioa) eta udaletako NIREetan. Hori dela eta, tokiko saltokiak elkarrekin konektatutako sare digital baten parte izango dira, eta horrek ikusgarritasun handiagoa emango die haien fidelizazio eta sustapen programei.

 

Carmelo Urzari “Lan Onari” goraipamena

Gobernu Kontseiluak Carmelo Urzari ‘Lan Onari’ goraipamena ematea onartu du gaur, esparru akademikoan egindako lanagatik eta euskal kultura atzerrian zabaltzen laguntzeagatik.

Carmelo Urza Larrauri Filologia Hispanikoan doktorea da Renoko Unibertsitatean, eta, nahiz eta oso gaztea zela Estatu Batuetara bizitzera joan, beti nabarmendu da bere euskal sustraiei eusteagatik eta Euskadiren eta Estatu Batuen artean harremanak estutzeko egindako lanagatik. Lan horren adierazle nagusia 1982an USAC (University Studies Abroad Consortium) sortzeko bultzada izan zen. Unibertsitate-partzuergo horren helburua da mendebaldeko Amerikako eta Euskal Herriko ikasleen artean zubiak eraikitzea.

‘Lan Onari’ goraipamena emateko ekitaldia Boiseko 2025 Jaialdian izango da.

 

Akordioa Eusko Jaurlaritzaren eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean

Azkenik, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak bere sailari dagozkion bi gairen berri eman du, enplegu publikoari buruzkoak.

Ubarretxena sailburuak zehaztu duenez, gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da langile publikoen %0,5eko soldata igoera. “Eusko Jaurlaritzak uztaileko nominan ordainduko du 2024  urteari dagokion igoera, atzeraeraginarekin; Espainiako Gobernuak igoera hori berriki onartu ondoren, orain gauzatu ahal izango dena” azaldu du.

Bestalde, atzo Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean sinatutako akordioaren berri eman du,  EAEko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako telelaneko eta lan ez-presentzialeko lan-modalitateei buruzkoa.

“Akordio horren baitan, astean bi egun telelanean aritzeko aukera zabalduko zaie era ez presentzialean lan egiteko aukera duten langile publiko guztiei, baita ordutegi bereziak dituztenei ere; telelanak ez du zertan etxe partikularrari lotuta egon, eta prestakuntza-espazio berri bat ere garatuko da, langileen beharretara egokitua” adierazi du Ubarretxenak.

Gai zerrenda

Prentsa-Txostena