Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak emango ditu garraioaren sektorean bigarren belaunaldiko takografo adimendunak instalatzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren agindua baimendu du; horren bidez, laguntza-programa baterako deialdia egin eta arautzen da, 2025eko ekitaldian Euskadiko salgaien eta pertsonen errepideko garraio publikoaren sektorean teknologia berrien eta segurtasun-sistemak erosi eta ezartzeko.

Ibilgailuak lokalizatzeko eta kudeatzeko sistemak, segurtasuna eta efizientzia ezartzearen helburua da zerbitzua ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta arintasun handiagoa lortzea; hori positiboa da bai garraio-enpresentzat, bai erabiltzaileentzat.

2025 honetan, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bigarren belaunaldiko takografo adimendunak instalatzea diruz laguntzeko programetan txertatu du, bide-segurtasuna handitzeko, gidarien lan-baldintzak hobetzeko eta lehia leiala babesteko. Gainera, Europako araudiaren arabera, ezinbestekoa da ibilgailuak matrikulatuta ez dauden beste estatu kide batean dabiltzanek sistema hori edukitzea urtarrilaren 1etik aurrera, edo sistema hori eguneratzea abuztuaren 20tik aurrera, lehen belaunaldiko takografo adimenduna duten ibilgailuen kasuan.

Halaber, laguntzak jasoko dituzte flotak lokalizatzeko eta kudeatzeko sistemek; baita segurtasun-elementuek, hala nola kamioientzako segurtasun-sistemek, suteak hautemateko eta autoitzaltzeko sistemek, eta sentsoreen eta radarren bidez talkak prebenitzea ahalbidetzen duten teknologiek ere. Halaber, diruz lagunduko dira eraginkortasunez gidatzeko eta erregai-kontsumoa murrizteko sistemak, hala nola gurutzaldi-abiaduraren kontrolatzaileak.

Dirulaguntza horiek 2005ean hasitako programa batekoak dira, eta izapideak erraztu egin dira orain. Datozen bi hilabeteetan eskatu ahal izango dira, eta dirulaguntza jaso dezakeen kategoria bakoitzeko, gehienez, 5.000 euro jasoko dira –onuradun bakoitzak eskura dituen 4 laguntzetatik bat edo gehiago aukeratu ahal izango ditu–. Aurrekontua 110.000 eurokoa da.