Lagapen-ekitaldi instituzionala uztailaren 23an, asteazkena, 11:30ean, egingo da Kalebarren kaleko 30eko forjen fabrika zaharrean, Jaurlaritzak babestutako etxebizitzen beste sustapen bat eraikiko duen tokian
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Zumarragako Udalak Faustino Orbegozo fundazioaren Z-5.6 esparruan dauden bi finka doan lagatzea, titulartasun publikoko zuzkidura-bizitokiak eraikitzera bideratuta.
Jarduketa hau kokatzen da Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, udalekin lankidetzan, errenta-ahalmen txikiko pertsonei zuzendutako etxebizitza-eskaintza handitzeko hartutako konpromisoaren barruan. Lagatako lurzoruak barne hartzen ditu 861 finkan dagoen geriatriko zaharra eta erantsitako beste finka bat (870 finka), eta bidea emango du etxebizitza-politika publikoak indartuko dituzten zuzkidura-bizitoki berriak garatzeko.
Lankidetza instituzional hori ikusarazteko, Eusko Jaurlaritzak eta Zumarragako Udalak lagapen-ekitaldi bat egingo dute uztailaren 23an, asteazkena, 11:30ean, forjen fabrika zaharrean, Kalebarren kaleko 30ean, Jaurlaritzak etxebizitza babestuaren beste sustapen bat eraikiko duen lekuan.
Jarduketa bat dator 2024-2028 XIII. Legealdiko Gobernu Programaren 18. konpromisoko laugarren ekimenarekin. Ekimen horrek helburu du gazteei bizi-proiektu berri bat hasten laguntzea, etxebizitza eskuratzea erraztuta.
Gaur onartutako beste akordio batzuk
- Amurrio: Amurrioko Udalarentzako zuzeneko dirulaguntza bat erregulatzen duen akordioaren bigarren aldaketa onartzea, Goikolarra auzoan hiri-berroneratzeko jarduketetara bideratuta. Dirulaguntza 3,4 milioi eurokoa da, eta egikaritze-epeak 2026ra arte egokitu dira, 96 etxebizitza birgaitzeko obrak amaitzea, espazio publikoa hobetzea eta hurbiltasuna kudeatzeko bulegoa abian jartzea errazteko.
- Dima: “Oba Goikoa auzoan luiziek erasandako hornidura-sarea hobetzeko proiektua”k eragindako ondasun eta eskubideak premiaz okupatu beharrekotzat deklaratzea. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak bultzatutako proiektuari esker, horniduraren jarraitutasuna bermatu ahal izango da, Obako Atxa mendiaren hegalean izandako luizi batek eragindako kalteen ondoren.
- Desjabetzearen ondoriozko kalte-ordainak: Euskal Autonomia Erkidegoko Nahitaezko Desjabetzeko epaimahaietako kideentzako konpentsazio ekonomikoak eguneratzea. Horiek ebatzitako espediente bakoitzeko 100 euro jasotzera pasatuko dira, joan-etorriei dagozkien kalte-ordainez gainera.