Gobernu Kontseiluak, Imanol Pradales Lehendakariak proposatuta, Carmelo Urzari ‘Lan Onari’ goraipamena ematea onartu du gaur, esparru akademikoan egindako lanagatik eta euskal kultura atzerrian zabaltzen laguntzeagatik.
Carmelo Urza Larrauri (Sestao, 1948) Filologia Hispanikoan doktorea da Renoko Unibertsitatean, eta, nahiz eta oso gaztea zela Estatu Batuetara bizitzera joan, beti nabarmendu da bere euskal sustraiei eusteagatik eta Euskadiren eta Estatu Batuen artean harremanak estutzeko egindako lanagatik. Lan horren adierazle nagusia 1982an USAC (University Studies Abroad Consortium) sortzeko bultzada izan zen. Unibertsitate-partzuergo horren helburua da mendebaldeko Amerikako eta Euskal Herriko ikasleen artean zubiak eraikitzea, eta, EHUrekin egindako hitzarmen baten bidez, partzuergo horrek Euskadin egonaldiak antolatzen ditu hizkuntza eta kultura, artea, ekonomia edo enpresa-administrazioa ikastera hurbiltzen diren Ipar Amerikako ikasle-taldeentzat.
Partzuergoaren sorreratik, Estatu Batuetako eta hogeitik gora herrialdetako milaka unibertsitate-ikaslek egonaldiak egin dituzte Euskal Herrian, eta egonaldi horietan, ezagutza akademikoak eskuratzeaz gain, euskal kultura ezagutzeko aukera ere izan dute. Era berean, Ipar Amerikako ehun irakaslek baino gehiagok beren irakasgaiak eman ahal izan dituzte, partzuergo horrek antolatutako euskal programetan
‘Lan Onari’ goraipamena emateko ekitaldia Boiseko 2025 Jaialdian izango da.