Javier Hurtado sailburuak turismo-egonaldien gaineko zergaren ezaugarriak azaldu dizkio Turismo Mahaiari

0
PRUEBA

Turismo-egonaldien gaineko zergak aplikazio orokorra izango du, espezifikotasun bereziekin, udalerrietako ostatu-establezimenduen arabera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Javier Hurtado, Turismo Mahaiaren buru izan da gaur. Mahai horretan turismoaren sektorearekin lotutako gaiak jorratu dira, tartean turismo-egonaldien gaineko zergaren ezarpena, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioaren erregistroa eta leihatila bakarraren sorkuntza, baita Saila garatzen ari den Turismoaren Legearen aurreproiektuaren eta Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialaren arau-egoera ere.

Mahaian beste ordezkari batzuk egon dira: Aldundietakoak; Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetakoak eta Eudeleko udaletakoak; Merkataritza Ganberetakoak; Unibertsitatekoak eta Turismo Eskoletakoak; ostatu-enpresetakoak eta ekitaldien antolaketakoak; bidaia-agentzia eta turismo-gidarienak; turismo aktiboko enpresetakoak; ostalaritzako elkarteetakoak, eta kontsumitzaileen elkarte eta sindikatuetakoak.

Legegintzaldi honetarako gobernu-programan jasotako turismo-egonaldien gaineko zerga zein egoeratan den azaldu du sailburuak. Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, “positiboa da, azkenean, ez hitz egin behar izatea turismo-egonaldiei zerga bat ezarri behar ote zaien, zerga hori ezartzeko moduari buruz baizik”.

Turismo Saila eta Ogasun Saila gogor aritu dira lanean turismo-egonaldien gaineko zergaren eredu propio batera iristeko bideak aztertzeko, eta ondorioa da proposamena ondo burutzea ekar dezaketen bideak foru-aldundietako ogasunen koordinaziotik, lankidetzatik eta partaidetzatik pasatzen direla ezinbestean. “Zerga autonomikoaren eta foru-arauaren balizko ereduak aztertu dira, eta ondorioztatu da biek bazituztela abantailak eta desabantailak, eta adostasun-premia desberdinak zituztela. Alde batetik, zerga autonomikoak Foru Aldundiekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea eskatzen du, eta, bestetik, foru-arauak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza, zehazki Turismo Sailarena, udalekin batera, berea baita turismoaren eskumena. Beraz, edozein bidetan beharrezkoa da erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza zerga hau garatu ahal izateko”.

Une honetan lantzen ari den bidea udal-zerga bat da, Lurralde Historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek bultzatutako foru-arau baten bidez, eta 3 Lurraldeetan izaera homogeneoa izatea du helburu. Turismo-egonaldien gaineko zergak aplikazio orokorra izango du, espezifikotasun bereziekin (% 100eko hobariak edo errekarguak), udalerrietako ostatu-establezimenduen arabera eta udal-autonomiarako marjinarekin.

Zerga-bilketa osoa izango da zerga-egitatea sortzen den udalerri bakoitzerako, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak zuzkidura gehigarri espezifiko eta ezohiko bat sortuko du (ez da ohiko partiden parte izango), Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontuan jasoa. Zuzkidura horrek turismo-sektorea bultzatu eta indartzeko balioko du, eta enpresen jasangarritasuna eta lehiakortasuna azpimarratuko ditu, eta horrek helmuga eta zerbitzuak hobetzea ekarriko du, eta, beraz, baita herritarren bizi-kalitatea ere.

Orain foru-arau bidez garatu behar den etorkizuneko zerga horretaz gainera, mahaian landu den beste gai garrantzitsu bat leihatila bakarra indarrean jartzea izan da, iraupen laburreko alokairuei buruzko Europako Erregelamendua betetzeko, tresna berri bat ekarriko baitu erabilera turistikoko etxebizitzak kontrolatzeko eta plataformek informazioa trukatzeko, orain arte uko egiten ziotena.

Era berean, arau-garapena izan da beste aztergaietako bat, kasu honetan Turismoaren Lege berria ardatz hartuta, eta aurreproiektuak urtea amaitu aurretik izapidetzen hastea dago aurreikusita, entzunaldi publikoaren fasea barnean dela. Bestetik, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin batera egiten ari den Baliabide Turistikoen Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapenaren edukia aztertu da sektorearekin.