Lehiaren Euskal Agintaritzak beka bat deituko du bere egoitzan prestakuntza-praktikak egiteko

0
PRUEBA

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) unibertsitateko tituludunentzako prestakuntza-beka baterako deialdia egingo du uda honetan, LEA/AVCren jardun-eremuei dagozkien gaietan. Bekaren iraupena gehienez hamar hilabetekoa izango da, 1.100 euroko hileko ordainsari gordinarekin eta asteko 30 orduko lanaldiarekin.

Ildo horretatik, Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur deialdi honetan hautatutako pertsonak prestakuntza LEAren lokaletan bertan egin ahal izateko.

Beka hau eskuratu ahal izateko, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dira: graduko unibertsitate-titulua, lizentziatura edo baliokidea izatea, Zuzenbidean, Ekonomian edo Enpresan, eta unibertsitate-titulua lortu zenetik eskabideak aurkezteko epea amaitu arte 6 urte baino gehiago igaro ez izana. Merezimendu-lehiaketa bidez esleituko da, eta elkarrizketa pertsonala egingo zaie lehen fase hori gainditzen duten hautagaiei.

Bekari esker, adjudikaziodunak prestakuntza teoriko-praktikoa jaso ahal izango du LEAren berezko jarduera-esparruetan, hala nola zehapen-espedienteak izapidetzean eta lehia sustatzeko txostenak egitean, besteak beste. Eskabideak telematikoki aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean Zerbitzuaren bulegoen bidez, edo aurrez aurre, LEAren Bilboko egoitzan (Ercilla kalea, 4, 2. solairua), hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (abuztuaren amaierarako aurreikusita dago).

Aurkezteko epea irekitzen denean, informazio guztia eskuragarri egongo da esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113106/web01-tramite/eu /

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia, eta bere jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan organikoki eta funtzionalki independentea da. Helburua da lehia askeko eta gardentasuneko baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea merkatuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez.