Gobernu Kontseiluan aurkeztu da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, Next Generation EU funtsetatik datozen turismo-sektorerako Konpetentzia Digitalak prestakuntza-programa garatuko da.
Hitzarmen horren bidez, Euskadiko turismo-sektorerako konpetentzia digitalen programako prestakuntza-jarduerak garatu eta egikaritu nahi dira, Lanbidek kudeatutako dirulaguntzen deialdi baten bidez. Prestakuntza-ekintzak diseinatzeaz eta zentro laguntzaileen bidez ikastaro horiek emateaz arduratuko da Lanbide.
Programa hau 1.982.342,08 eurokoa da eta prestakuntza-ikastaroak gutxienez 150 ordukoak izango dira. Honako hauentzat da: Gizarte Segurantzan sektore turistikoko modalitateetan altan emanda dauden langileentzat, sektore turistikoan prestakuntza- edo praktika-kontratua duten gazteentzat, sektore turistikoko ETEentzat eta sektore turistikoko langabeentzat.
Jarraipen-batzorde bat eratuko da hitzarmenaren jarraipena eta kontrola egiteko, eta bertan parte hartuko dute Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Lanbidek.
Programa 2026ko maiatzaren 31ra arte egingo da, eta 2026ko ekainaren 30era arte luzatzeko aukera egongo da.