Zarauzko malekoian klima aldaketari aurre egiteko ekimenen inguruko saio irekia

0

Datorren asteazkenean, uztailaren 23an, Modelo Aretoan, LIFE IP Urban Klima 20250 proiektuaren baitan Zarauzko Malekoian aurreikusten diren ekimenen inguruko saio informatibo bat antolatu du Zarauzko Udalak.

Udalak proiektua GIRDER INGENIERÍA S.L.P.U.-k eta WET INGENIARÍA HIDRÁULICA Y MARÍTIMA S.L.-k osaturiko ABEE-ri (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) esleitu dio lehiaketa bidez eta, proiektuaren idazketarekin hasi aurretik, herritarrei zabalduriko aurkezpen saio bat antolatuko du, esku-hartzearen nondik norakoak eta aurrerantzean emango diren pausuen berri emateko.

Saioa Modelo Aretoan, arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta saioan zehar, Udal teknikariek, IHOBEko ordezkariek eta proiektua idazteko talde arduraduneko kideek azalpenak emango dituzte. Hauekin batera Udaleko zein Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun Saileko ordezkariak ere izango dira saioan. Honez gain, bertaratzen diren herritarrek euren zalantzak eta ekarpenak zuzenean helarazteko aukera izango dute.

Saioaren amaitzerakoan, bertaratu ezin izan duten herritarrek ere euren proposamenak helarazteko online inprimakiaren inguruko informazioa ere emango da. Udalaren webgunean zein sare sozialetan emango da online inprimakiaren berri, saioaren ondorengo egunetan.