Zarauzko moilako bainu gunean segurtasuna areagotuko da

0
PRUEBA

Zarauzko Udalak kontzientziazio ekintza bat jarri du martxan moilako bainu gunean segurtasuna areagotzeko helburuarekin.

Bostgarren urtez jarraian, Udalak sorospen zerbitzua bermatzen du moilan, bertan bainatzen diren pertsonak, gehien bat gaztetxoak, bainu segurua izateko aukera izan dezaten. Honekin batera, Zarauzko Bateleroekin elkartu ondoren, aurtengo udan pausu bat gehiago ematea erabaki da eta, moilan salto egiteak izan ditzakeen arriskuez kontzientziatzeko, jarraitu beharreko segurtasun neurrien inguruan berri ematen duen megafonia mezua jarri da.

“Zarauztarrak betidanik bainatu izan gara moilan, txiki-txikitatik hasita, baina kontziente gara segurtasun neurri batzuk jarraitu gabe arriskutsua izan daitekela bertan salto egitea eta horregatik erabaki genuen udan zehar sorospen zerbitzua moilan ere eskaintzea”, adierazi du Iban San Martin (EAJ-PNV) Zerbitzuetako zinegotziak. “Orain, megafonia bidezko mezua gehitu dugu, lau hizkuntzatan, bainua segurua izatea lagunduko duten neurriak gogoraraziz”.

Horretarako, megafonia azpiegitura instalatu da moilan eta ordu-erdiro, lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez), salto egin aurretik jarraitu behar diren pausuak gogorarazten ditu.

Salto egin aurretik kontuan hartu beharreko neurriak argi eta zehatzak dira: Alde batetik, urak nahikoa sakonera daukala begiratzea eta, bestetik, azpitik inor pasatzen ari ez dela begiratzea. Neurriak hauek jarraituz, arriskua gutxituko da baina, azkenean, salto egiteko ardura norbanakoarena dela gogorarazten du Udalak.