Eusko Jaurlaritzak urrian entregatuko ditu Zumarragako Antzina hiribideko 108 etxebizitzak, eta Faustino Orbegozon eta Forjas eremuan beste 68 gehiago eraikitzeko lanean ari da

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso Zumarragan izan da gaur, Sailak Udalarekin lankidetzan bultzatzen dituen etxebizitza publikoko proiektuen aurrerapena eta plangintza bertatik bertara egiaztatzeko. Gobernu Kontseiluak Faustino Orbegozo Fundazioa esparruan (Z-5.6) kokatutako bi finkaren doako lagapena onartu eta 24 ordura izan da Mikel Serrano alkatearekin batera egindako bisita. Finka horiek titulartasun publikoko 24 zuzkidura-bizitoki berri eraikitzera bideratuta daude.

Sustapen hau geriatriko zaharrak (861 finka) eta erantsitako finka batek (870 finka) hartzen zituzten lurretan garatuko da, eta Sailak errenta-ahalmen txikia duten pertsonentzako etxebizitza-eskaintza udalekin lankidetza estuan handitzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio.

“Zumarragako Udalak lurzoru hori lagatzeak eta etxebizitza-politika publikoen zerbitzura jartzeko borondate partekatuak aukera ematen digu gazteriarekin eta etxebizitza duina lortzeko zailtasun handienak dituztenekin dugun konpromisoan aurrera egiteko”, adierazi du Denis Itxaso sailburuak.

Bestalde, Mikel Serrano herriko alkateak eskertu egin du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren prestasuna eta, bereziki, sailburuak erakutsitako gertutasuna “udalerrian etxebizitza sozialak eraikitzeari aurre egiteko garaian”. Adierazi duenez, honelako jarduketak “apustu sendoa dira benetako behar bati erantzuteko eta Zumarragako gazteen emantzipazioa errazteko”.

Proiektuak oin berriko eraikin bat eraikitzea aurreikusten du. Eraikinak 24 zuzkidura-bizitoki barne hartuko ditu —logela bakarreko 20 eta bi logelako 4, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua—, sotoan beste hainbeste garaje-plazarekin eta beheko solairuan zuzkidura-erabilerarako udal-lagapeneko lokal batekin.

Jarduketa bat dator legegintzaldi honetako Gobernu Programaren 18. konpromisoaren laugarren ekimenarekin, eta 3.456,63 m²-ko azalera eraikia izango du guztira, honela banatuta:

  • 906,44 m² zuzkidura-bizitokietarako, goiko lau solairutan.
  • 613,28 m² garajeetarako.
  • 410,83 m² eremu komunetarako, bizikleta-aparkalekua barne.
  • 475,05 m² udal-lokalerako.

Obra egikaritzeko aurrekontua 4.944.274,79 eurokoa da, eta estimatu da 2026an hasi ahal izango dela, 22 hilabeteko egikaritze-epearekin. Gainera, ingurua urbanizatzea aurreikusi da, hirigunetik irisgarritasuna hobetzeko, 1.200.000 euroko inbertsio gehigarriarekin (gehi BEZa).

Ekimen honen jatorria da 2022ko urtarrilaren 11n Eusko Jaurlaritzak eta Zumarragako Udalak sinatutako hitzarmena. Horren arabera, Udalak konpromisoa hartzen zuen geriatriko zaharra (jadanik eraitsia) zegoen lurzorua doan lagatzeko, jarduketa hau ahalbidetzea helburu hartuta.

Bisitan, Itxasok eta Serranok, era berean, Eusko Jaurlaritzak alokairu-araubidean 44 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusita daukan esparrua ibili dute, gaur egun eraisteko fasean dagoen Forjas fabrika zaharrak okupatzen zuen partzelan. Visesa 2027an hasiko dira etxebizitzak eraikitzen, eta horretarako aurrekontua 8 milioi euro ingurukoa da.

“Zumarraga adibide argia da instituzioen arteko lankidetzak etxebizitzaren arloan modu irmoan aurrera egitea ahalbidetzen duela erakusteko. Jarduketa berriak planifikatzeaz gain, pertsona askoren bizitza eraldatuko duten etxebizitzak egiten eta entregatzen ari gara”, adierazi du Itxasok.

Bestalde, Serranok nabarmendu duenez, “proiektu  hauek lankidetza instituzionalaren adibide argia dira, Udalak funtsezkotzat jotzen duen lan egiteko modu batena, oraingo eta etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko, kasu honetan etxebizitzaren arloan”.

Bi sustapenen helburua da Gipuzkoako udalerriaren egungo eskaerari erantzutea. Izan ere, urteko bigarren hiruhilekoan 443 etxebizitza-eskaera erregistratu dira Etxebiden. Horietatik 363 (% 82) alokairu-araubideak dira, 80 (% 18) erosketa-araubidekoak. Horietatik, 276 udalerrian erroldatutako pertsonengandik datoz, eta 167, berriz, erroldatu gabeko pertsonengandik. Erroldatutako pertsonei dagokienez, 232k alokairuko etxebizitza eskatzen dute, eta 44k erosteko etxebizitza. Erroldatu gabekoei dagokienez, berriz, 131 alokairuaren bila ari dira, eta 36 erosketaren bila. Horrek erakusten du, era berean, Urola Garaian bizi direnen eskaera handia dagoela.

Antzina hiribideko 108 etxebizitzak urrian entregatzeko prest

Sailburuak gaur goizean iragarri duenez, Visesak Antzina hiribidean, Eitzaga inguruan, eraikitako alokairuko 72 etxebizitza babestuen adjudikaziodunak urrian zehar sartu ahal izango dira bizitzera beren etxe berrietara. Sustapen hau 2024ko otsailean bisitatu zuten sailburuak berak eta Isabel Rodríguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak, eta ia amaituta dago.

Eremu berean, gainera, oraindik adjudikatu gabeko beste 36 etxebizitza sozial eraiki dira, baina Jaurlaritzaren asmoa da horiek, halaber, urrian entregatzea. Guztira, bi sustapen hauek 14.633.493,73 euroko baterako inbertsioa ekarri dute, eta horietatik 4.653.371,98 euro (% 31,8) Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu dira.

Sukia Eraikuntzak SL enpresa izan da eraikuntzaren arduraduna, eta proiektua Pedro Apaolaza y Asociados eta DG Arquitectura enpresek osatutako ABEEak idatzi du.

“Etxebizitza-politika anbizio handikoa eta pertsonekin konprometitua hedatzen jarraitzen dugu. Gure lehentasuna etxebizitza eskuratzeko benetako aukerak sortzea da, bereziki gaur egungo testuinguruan, eta, horregatik, borroka-posizioan gaude dagoen bizitoki-premiari irtenbidea emateko”, esanez amaitu du Itxasok.