Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailek “etsipena eta gaitzespena” adierazi diote Europako Batzordeak 2027 osteko Finantza Esparruan NPBrako egindako proposamenari, eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “irmoki defendatuko dugu beren kudeaketarako autonomia”, hurrengo aldirako NPB diseinatzeko beste eredu bat proposatuko baitiote Batzordeari.
Europako Batzordeak 2027 osteko Finantza Esparrurako proposamenak aurkeztu ondoren, xeheago aztertzeko zain, eta hurrengo NPBren esku-hartzeak artikulatzeko proposamenetan sartu gabe, euskal erakundeek adierazi dute “NPBra bideratutako funtsak % 20 baino gehiago murriztearen aurka daudela, baita bigarren zutabea baino lehen esku-hartze jakin batzuetara kofinantzatutako funtsak murriztearen aurka ere”.
“Ziurgabetasun handiko testuinguru geopolitikoan, EBren elikadura-segurtasunak eta -burujabetzak maila goreneko aurrekontu-lehentasuna izan behar du, maila bereko besteen aurretik. Hori guztia, Bruselak NPBrako prestatzen duen araudia onartu berri ez duten Europako nekazari gehienen amorru- eta haserre-giroan, ez baitute beren nekazaritza-jarduera planifikatzeko esparru egonkorrik. Ezin zaio eskatu Europako nekazaritzako elikagaien sektoreari ahalegin handiagoa egitea eta haren finantza-esleipena murriztea, NPB politika ez-osagarrien esparru bateratuan deseginda” adierazi du Amaia Barredok.
Batzordearen proposamenak dakarren aurrekontu-murrizketak arriskuan jartzen du, Amaia Barredoren iritziz, “EBren elikadura-segurtasuna eta esportatzeko ahalmena, eta horrek EBk munduko egoeran duen funtzioa txikiagotzen du. Gainera, Europako nekazaritzako elikagaien sistemak klima-aldaketaren erronkari egin behar dio aurre, zuzen-zuzenean eragiten baitio sektore horri, eta, krisi klimatikoen eta osasun-krisien artean, asko murrizten baitu ekoizteko ahalmena”.
Politika propioa
Amaia Barredo sailburuak, Noemi Agirrek, Xabier Arrutik eta Arantza Atutxak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru diputatuek, “ez dute ulertzen NPBren aurrekontua murrizteko proposamena”, eta horregatik eskatzen dute egungo finantza-esleipena mantentzea, politika propio eta bereizi gisa artikulatzea, eta egiturari bi zutabeen inguruan eustea”.
“Agerikoa da hiru Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailen atsekabea eta etsipena, landa, arrantza eta kohesio politikak funts bakar batean biltzeko proposamena dela eta, eta politika horien kudeaketa eta gobernantza estatu-planen bidez gauzatzeko proposamena dela eta, Europako nekazaritza-sektoreko eragile sektorial eta instituzional gehienak aurka agertu baitira”.
“Proposamen horren aurka gaude —gehitu du Amaia Barredok—, eta Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien ustez horrek bi argudio ditu oinarri: lehenik eta behin, kudeaketa estatu mailako Funts batean biltzeko proposamenak ez du EBko itunaren subsidiariotasun-printzipioa errespetatzen; izan ere, itsasoko eta arrantzako, eskualdeko, nekazaritzako eta landako politiken maila anitzeko kudeaketa onartuz gero ere, eskualde-mailatik eraginkorragoa izango litzateke beti. Gainera, are larriagoa iruditzen zaigu proposamenak nekazaritza-politikaren aplikazioari dagokionez gure eskumen esklusiboa hartzen duela”, azpimarratu du Amaia Barredok.
Amaia Barredoren arabera, “indarrean dagoen NPBren erreforma aplikatzean gertatu zen bezala —ez zen kontuan hartu gure autogobernurako ahalmen konstituzionala eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eman zitzaion NPB aplikatzeko estatu-plana diseinatzeko eta koordinatzeko eskumena—, berriro ere Europako Batzordeak gurea bezalako eremu federaleko edo autonomikoko estatuetan dauden Europako eskualdeen eskumen-esparrua hartzen du. Eta Euskadiren kasuan, eta nekazaritza arloari dagokionez, are iraingarriagoa da, ez baitugu estatuaren finantzaketarik jasotzen”.
Flandria eta Valonia
“Ez diogu uko egingo gure autogobernu-ahalmena defendatzeari, eta fronte juridiko eta politiko guztietan ekingo dugu gure eskumen-eskubideak berriro urra ez daitezen. Aurreko erreforman ikusi genuen Flandrian eta Valonian salbuespen bat ezarri zela, eta erreferentzia hori kudeaketarako gure eskualde- eta eskumen-ahamena maila guztietan defendatzeko oinarria izan daiteke”, azpimarratu du Barredo sailburuak.
Amaia Barredok, bigarrenik, nabarmendu duenez, “nekazaritza, landa, arrantza eta kohesio politikak funts bakar batean biltzea Batzordeak hainbeste aldarrikatzen duen sinplifikazioaren aurka doa; izan ere, Funtsaren maila anitzeko kudeaketa partekatua, bai eskualde mailan, baina, batez ere, estatu mailan, maila autonomikoko estatuetan, Espainiaren kasuan bezala, oso konplexua da”.
“2021-2027ko NPB abian jarri zenetik hori ikusten ari gara, NPB aplikatzeko planaren diseinuan eta kudeaketan; beraz, imajinaezina da aipatutako politiken kudeaketa bateratua plan bakar batetik egitea. Noski, hori ez da, inola ere, “sinplifikazioa”; helburuak oso laudagarriak izan arren” gehitu du Barredok.
NBEF eta EGEF
Sailburuaren iritziz, “landa-inguruneko inbertsioei dagokienez bakarrik, egokitzat jo genuen LEGENF eta kohesio-funtsak bateratzea, eta Euskadi mailan bakarrik, nekazaritza-politikak eta eskualde-politikak bat egiten duten politika delako. Arlo horretan, 5b helburu zaharraren eskemara itzultzea litzateke, gure landa-eskualde ahulenentzat hain onuragarria izan zen helburura, alegia”.
Barredok, hiru Foru Aldundietako lehen sektoreko sailen iritzia jaso ondoren, “NPBren laguntza gaur egungo funtsetatik (NBEF eta EGEF) mantentzearen alde egiten du, bi zutabeak zapuztu gabe, eta Estatu edo eskualde autonomo bakoitzerako berariazko finantza-poltsak esleitzearen alde eta gure errealitate sektorialera hobekien egokitzen diren esku-hartzeak diseinatzearen alde, Batzordeak NPBren esparruan ezartzen dituen gidalerro eta helburuen arabera”.