Urretxuko Lilibaso kaleko alokairuko 24 BOEen adjudikaziodunak urrian sartuko dira beren etxe berrietara bizitzera

0
PRUEBA

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak Visesak Gipuzkoan sustatutako 24 aBOE – alokairuko babes ofizialeko etxebizitzaren sustapen berria bisitatu dute gaur goizean. Etxebizitzak Lilibaso kaleko 16 C zenbakian daude, eta maizterrei urrian zehar entregatuko zaizkie. Akordioan jasota dagoenez, horietako 20 Alokabide sozietate publikoak kudeatuko ditu —horien errentamenduaz eta mantentze-lanez arduratuko da—, eta gainerako 4ak, berriz, Udalaren kontura izango dira.

Sustapenaren zati bat Europako Next Generation EU funtsekin finantzatu da, eta udalerriko etxebizitza babestuen eskariari erantzuteko sortu da. 2025eko uztailaren 1ean, 344 bizikidetza-unitate daude Etxebiden inskribatuta Urretxun etxebizitza eskatzeko, eta horietatik 264 alokairu araubidean daude (186 erroldatuta eta 78 erroldatu gabe). Eskaera horien profil nagusia 36 urte baino gutxiagokoena eta bakarrik dauden pertsonena da.

Etxebideren datuen arabera, 160 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte mota honetako alokairuko etxebizitza babestua eskuratzeko hautagai izateko exijitutako eskakizun ekonomikoak (urtean 9.000 eta 45.022,57 euro bitarteko diru-sarrerak), eta 112 udalerrian erroldatuta daude.

“Honelako jarduketek, eskariaren zati bati erantzuteaz gain, egonkortasuna eta aukerak eskaintzen dituzte gazteek beren bizi-proiektua euren ingurunean garatu ahal izan dezaten”, nabarmendu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak. Itxasoren hitzetan, “gure helburua da, etxebizitza-parke publikoa handitzen jarraitzea ez ezik, bermatzea inork ere nahi duen tokian bizitzeari uko egin behar izango ez diola etxebizitza eskuragarririk ez egoteagatik”.

Bestalde, Jon Luqui Urretxuko alkateak nabarmendu nahi izan du bi administrazioen arteko baterako lana, 2018an hasitakoa, partzela lagatzeko, aldameneko mendi-hegala egonkortzeko obretarako lizentziak emateko eta etxebizitzak eraikitzeko egindako lehen kudeaketekin, joan den 2025eko martxoaren 6an lehen okupazioko lizentzia lortu arte. Orobat, Luquik nabarmendu du “instituzioen arteko lankidetza” beharrezkoa dela Urretxuko gazteak “udalerrian gera daitezen”

Proiektuaren xehetasunak: tipologiak, inbertsioa eta ezaugarri teknikoak

Eraikina Air-16 Gainzabal BOE araubideko partzelan dago, DG Arquitectura Habitable enpresak diseinatu du eta Altuna y Uria SA enpresak eraiki du. Etxebizitzen banaketak aniztasun tipologikoko estrategia bati erantzun dio, eta honelakoa da:

  • 1 logelako 4 etxebizitza (% 16,6).
  • 2 logelako 13 etxebizitza (% 54,2). Logeletako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dago.
  • 3 logelako 7 etxebizitza (% 29,2).

Etxebizitza bakoitzak garaje-plaza du beheko solairuan, baita terraza ere, eta 45 eta 85 m² erabilgarri arteko azalera du, 6,3 m² inguruko terrazarekin. Beheko solairuak, halaber, sartzeko ezkaratza, bizikleten gela bat, kontagailuak eta beste instalazio komunitario batzuk biltzen ditu.

Diseinuak lurraren jatorrizko topografia errespetatu du, eta mendi-hegaleko ainguraketak eta drainatze-sistema mantentzeko bide-zortasuna bermatu du (Lilibaso kaletik du sarbidea). Proiektuak behe-solairuko bolumetria gehi 4 altuera aurreikusi ditu, lurzoruaren erabilera optimizatuta, hiri-ingurunean eragin negatiborik izan gabe.

3 milioiko obra-aurrekontua eta eredu jasangarria

Sustapen honetako obra-aurrekontua 3.010.279,78 eurokoa izan da (125.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko), eraikuntza eta lotutako urbanizazioa barne hartuta. Zifra horri zeharkako beste gastu finantzario eta zerga batzuk gehitu behar zaizkio, proiektuaren kostu osoa 3.987.653,39 eurora igotzen dutenak. Zenbateko horretatik, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak 1.107.112 euroko laguntza eman du, hau da, azken kostuaren % 27,76, Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez.

Urretxuko Udalak doan laga zion partzela Eusko Jaurlaritzari 2019an, bai eraikuntzarako, bai aurreikusitako urbanizaziorako, EIOZean % 95eko hobaria aplikatzea ere aurreikusten zuen hitzarmen baten indarrez.

Sustapena jasangarritasuneko eta energia-efizientziako irizpide aurreratuei jarraituz egin da, eta A kalifikazio energetikoa lortu da. Hartutako neurrien artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Estalkian panel fotovoltaikoak instalatzea —UBS – ur bero sanitarioaren eskariaren % 60 estaltzea ahalbidetzen du—.
  • Igorle bidezko berokuntza elektrikoko sistema, energia-eskari txikiko etxebizitzetarako egokia.
  • UBSrako termo elektrikoen instalazio indibiduala, mantentze-lanak sinplifikatzen dituena.
  • Beroa berreskuratzeko aireztapen-sistemak, bai indibidualak, bai kolektiboak, estalkian efizientzia handiko berreskuragailuak dituztenak.

Gainera, hormigoi armatuzko egitura bat aukeratu da, akustikoki eta termikoki hobetutako lauzak dituena garajearen eta etxebizitzen artean, eta fatxada aireztatua, adreilu zulatuzko eta kartoi-igeltsuzko soluzioekin.

Giltzen entrega Zarautzen

Asteazken honetan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Salberdineko 60 AZB – alokairuko zuzkidura-bizitokietatik 52ren giltzak entregatzen ari da Zarautzen, eta horietatik 44 36 urtetik beherako gazteei adjudikatu zaizkie.

Ildo horretatik, Itxaso sailburuak, amaitzeko, hau nabarmendu du: “ekintzekin erantzun nahi dugu, eta gaurkoa adibide ona da: egun bakar batean, bi udalerritan aurrera egiten dugu bizitoki-soluzio zehatz, jasangarri eta bereziki euskal gazteentzat pentsatutakoekin”.