Adimen artifiziala, teknologia berriak eta milaka zale elkartuko dira lau egunez Euskal Encounterren, Estatuko teknologia-topaketa nagusian

0
PRUEBA

Teknologiaren jaialdi nagusia hasi da, jada, Barakaldoko BECen. Estatuko lanparty handiena eta Europako garrantzitsuenetakoa den Euskal Encounterrek teknologia berrien eta kultura digitalaren milaka zale hartuko ditu gaurtik igandera arte, uztailak 27. Topaketak 4.000 ordenagailu baino gehiago, dozenaka kilometro kable, standak eta giro paregabea izango ditu.

Makroekitaldiaren 33. edizioak punta-puntako teknologia eta gizarte-konpromisoa jorratuko ditu. Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko Internet-konexioari esker, 5.000 parte-hartzaile baino gehiagok lau jardunaldi biziz gozatu ahal izango dute, 200dik gora jarduera egongo baitira, formakuntza, entretenimendua eta networking-a uztartuz. Horrez gain, Opengune eremu irekia hitzaldi, tailer eta erakusketa-gune ugariren eszenatoki izango da; 3D inprimaketa, bideojokoak, hezkuntza-teknologia, elkartasun ekimenak eta askoz gehiago izango dira bertan. Elkargune ezinbestekoa da mundu digitalaren barruan deskubritu, partekatu eta hazteko.

Javier Gómez-Arrue Euskal Encounterren antolatzaile nagusiak ekitaldi honek duen erakargarritasuna nabarmendu du, enpresa-proiektu berriak sortzea, ikaskuntza, ezagutzen trukea eta parte-hartzaileen eta enpresen arteko harremanak errazten baititu. Edizio honen ardatz nagusia adimen artifiziala izango dela jakinarazi du, inoiz baino pisu gehiago baitu egungo mundu digitalean. Hortaz, garapen bizian dagoen teknologia honen aukerak eta erronkak izango dira aztergai. Halaber, beste gai batzuk ere jorratuko dira, hala nola ikerketarako eta irakaskuntzarako tresna digitalak, ziberindarkeriak, bideojokoen industria eta zibersegurtasuna.

Luz Usamentiaga Euskaltel Fundazioaren lehendakariak erakunde honek Euskal Encounterrekin duen lotura estua nabarmendu du. “Topaketa honen esentziarekin bat egiten dugu, eta horregatik daramatzagu 25 urte laguntza ematen, ekimenak eragin handia duela sinesten dugulako. Ez gara berrikuntzaz bakarrik ari; kohesio sozialerako tresna ere bada, bokazio zientifikoak eta ekintzailetza bultzatzeko ahalmena baitu. Euskal Encounterrek 66 milioi eurotik gorako eragin sozioekonomikoa sortu du. Baina are garrantzitsuagoa dena: milaka ideia piztu ditu”.

Joseba Mariezkurrenak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak, nabarmendu du “teknologian aisialdi edo lan tresna bat baino gehiago ikusten duten pertsonentzako topagunea” dela Euskal Encounter, eta “aldaketarako eta aurrerapenerako motor bat” ere badela. Halaber, adierazi duenez, “gure enpresek digitalizatzeko, berritzeko eta lehiakorrago izateko behar duten talentua hemen bertan topatzen dugu gaur, Euskal Encounterren”. Gainera, gogorarazi du “gure enpresen % 90ak jada hasi duela eraldaketa digitala, eta % 70ak hazteko aukera gisa ikusten duela”. Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa balioan jarri du, “900 enpresa txiki eta ertain baino gehiagoren digitalizazioa babesteko 17 milioi euro baino gehiago” inbertitu baitituzte laguntza moduan.

Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarainek nabarmendu duenez, “Euskadi herrialde txikia da, baina azken urteotan teknologiaren eta digitalizazioaren trenera igo eta hazkundea lortu du. Adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo kuantika bezalako arloetan nabarmentzen ari gara, eta Industria Plan berriak horiek estrategikotzat jotzen ditu, gure industriaren etorkizunerako eta eraldaketa digitalari heltzeko. Hori guztiaz arituko gara Euskal Encounter honetan, eta enpresa-sareaz gain, pertsonen eta euren talentuaren balioa nabarmendu nahi dugu, gure ekonomiaren digitalizazioa bultzatzeko funtsezko elementuak baitira”.

Partyaren atalak

Euskal Encounterrek ohiko arloak landuko ditu: sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak eta aisialdirako jarduerak. Parte-hartzaileek beren talentua probatzeko aukera izango dute arte digitaleko hogei bat lehiaketatan. Gainera, 50 bideojoko-lehiaketa baino gehiago eta software libreko erronka espezifikoak izango dira. Azken horietan, programazioko eta informatikako adituek proba ugari gaindituko beharko dituzte hainbat arlotan: hacking etikoa, kriptografia, logika, puzzleak eta alderantzizko ingeniaritza.

Streaming guneak leku nabarmena izango du partyaren edizio berri honetan. Atal hau edukien sortzaileentzako espazioa da, alor dinamikoenetarikoa; eta ekosistema digitalaren barruan hazkunde betean dagoen sektore honi ikusgarritasuna emango dio.