Proiektuak bost milioi euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko egikaritze-epea ditu
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, argi berdea eman dio Atxuri eta Abusu artean egongo den Bilboko Tranbiaren Kañu geltokia eraikitzeko lanen lizitazioari.
Proiektuak 5 milioi euroko oinarrizko aurrekontua eta 15 hilabeteko egikaritze-epea ditu, eta lan hauek biltzen ditu:
– Tranbiaren geltoki berria, egiturari, arkitekturari, eragindako zerbitzuei, pasealekuaren berrezarpenari eta abarrei buruzko elementu guztiak barne.
– Nasaren solairua Kañu pasealekuarekin eta Miraflores etorbidearekin lotuko dituen igogailua eta pasabidea.
– Itsasadarraren aldeko nasa Kañu pasealekuarekin lotzeko bidea
– Zamakola kalearen eta Kañu pasealekuaren artean dagoen oinezkoentzako pasabidearen estalketa.
Datozen hilabeteetan Bilboko Udalarekin hitzartuko den jarduketa berri horrek Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzua hobetuko du, batez ere Santutxun eta Abusun bizi direnek erabiliko duten geltoki berriari esker.
Santutxurekiko lotura errazteko, igogailu panoramiko bat eta Montevideo etorbidera helduko den pasabide bat eraikiko dira. Abusu auzoarekin lotura bermatzeko, igogailuak geltokia izango du Kañu pasealekuan. Gainera, mendiaren aldeko nasa eskailera argiztatu baten bidez lotuko da pasealekuarekin. Itsasadarraren aldeko nasa bide berri baten bidez lotuko da pasealekuarekin. Bilboko Udalak eskatuta, proiektuak Abusuko Ibai-Eder pasabidea ere estaliko du.
Geltoki berria oinezkoentzako bi bidegurutzeren bidez lotutako alboko bi nasaren bidez egituratuko da. Bien luzera 30 metrokoa da. Itsasadarraren aldeko nasak 3,5 metroko zabalera konstantea izango du. Mendiaren aldeko nasak 4,4 eta 4,9 metro arteko zabalera aldakorra izango du, bloke teknikoaren mantentze-lanetarako sarbidea errazteko.
Nasa bakoitzean markesina bat egongo da, eguraldi txarretik babesteko eta erabiltzaileen erosotasun baldintzak bermatzeko, bankuak eta argiak jarrita, eta, horrez gain, pasabidea kontrolatzeko eta txartelak erosteko behar diren elementu guztiak izango ditu (txartelak baliogabetzeko eta saltzeko makinak).
18 lagunentzako lekua duen igogailu panoramikoak 28,6 metroko desnibela gaindituko du. Hiru geraleku izango ditu: behekoa nasa-kotan, bigarrena Kañu pasealekuan eta hirugarrena Miraflores etorbidearekin lotuko da. Pasabideak 34 metroko luzera eta 3,05 metroko zabalera izango du.