Osasun Eskolak, herritarrei osasunaren zainketei buruzko informazioa emateko online plataformak 45.000 bisita baino gehiago izan ditu lehen 3 hilabeteetan

0
PRUEBA

UZTAILAK 24 – AUTOZAINKETAREN MUNDU EGUNA

  • Aitzindaria espainiar estatuan, profesionalek baliozkotutako edukiak eskaintzen ditu, gaixotasunak hobeto kudeatzen jakiteko edo gaixotasunak saihesteko
  • Sanitarioek online hezkuntza-jarduerak preskribatu ditzakete kontsultan bertan, pazienteen bizi-kalitatea hobetze aldera.

Ostegun honetan, uztailak 24, Autozainketaren Munduko Egunarekin bat etorriz, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei gogorarazten die eskura dutela Osasun Eskola + izeneko plataforma digital berria, herritarrek beren osasuna zaintzeko duten gaitasuna hobetzeko. Plataforma aitzindaria izan da espainiar estatuan, eta 45.000 bisita baino gehiago jaso ditu, joan den martxoan esperientzia pilotu gisa abiatu zenetik ekainera arte. Besteak beste, kontsultan bertan profesional sanitarioei edukia agindu edo preskribatzeko aukera ematen die (ikastaroak, tailerrak, multimedia-materiala…), pazienteek eta familia zaintzaileek ezagutza gehiago izan ditzaten eta beren gaixotasuna hobeto kudea dezaten.

Osasun Eskola plataformara Osakidetzaren webgunetik sar zaitezke, eta informazioa eta tresnak ditu pertsona bakoitzak bere osasunaren zainketan inplikatzeko eta erabakiak hartzen parte hartu ahal izateko. Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat egin nahi izan dute Osasun Plana 2030aren helburuekin bat etorriz, eta Osakidetzaren Osasunaren arloko Ahalduntze Estrategiaren esparruan, zeinaren lehentasunetako bat baita osasunerako eta autozaintzarako hezkuntza sustatzea. Horretarako, gizarte geroz eta digitalizatuago baten ohituretatik hurbilago dagoen tresna hau baliatuta egin da.

Gainera, gaixotasuna zaintzeko informazioa emateaz gain, prebenitzeko eta bizitza osasungarria izateko gomendioak ere ematen ditu.

Izan ere, plataforma horren berritasun nagusietako bat erregistratzeko aukera da; hala, erabiltzaileak bere erabilera pertsonalizatu ahal izango du, eta bere premiekin bat datorren edukia eskuratu ahal izango du. Hala, Osasun Eskola + Osasun Karpetarekin eta Osabide Globalarekin integratuta dago. Tresna horretatik, Osakidetzako profesionalak historia klinikora sartzen dira, eta, horri esker, plataforman ikastaroak edo tailerrak agindu ahal izango dira. Izan ere, abian jarri zenetik, 249 profesionalek 2.000 eduki baino gehiago preskribatu dituzte; batez ere osasun emozionalarekin, haurdunaldiko aho-hortzetako osasunarekin edo elikadurarekin lotutakoak.

PROFESIONALEK BALIOZKOTUTAKO EDUKIA

Plataforma horren balio handienetako bat da bertan jasotako eduki guztia Osakidetzako profesionalek baliozkotzen dutela; beraz, gaur egun, Internet bidez kalitate zalantzagarriko edukietara erraz irits daitekeen une batean, Osasun Eskola + herritarrentzako erreferentziazko gune bihurtu behar da.

Zer eduki aurkituko ditugu Osasun Eskolan +?

Batez ere, osasunaren sustapenari buruzko informazioa: elikadura osasungarria, atsedena eta loa, osasun emozional ona izateko gomendioak, aho-hortzen osasuna, haurdunaldiko aholkuak, erditzea eta erditu ostekoa, tabakismoaren prebentzioa, alkoholaren kontsumoa… Gainera, herritarrek Osakidetzak minbizia goiz detektatzeko ezarrita dituen hiru programei (bularra, zerbixa eta kolonea) buruzko informazio guztia eskura dezakete.

Plataformak, gainera, profesionalek baliozkotutako, egiaztatutako eta eguneratutako edukia ematen du gaixotasun ohikoenei, horien sintomei, diagnostikoari, tratamenduari eta zaintzari buruz.

Osasun Eskola +, gainera, osasunari buruzko albisteak eta prestakuntza-materiala aurkitzeko lekua da, hala nola suizidioa prebenztioari buruzko ikastaroa edo Paziente Biziaren zainketa-tailerrak.

Osasun Eskolari buruzko informazio gehiago bideo honetan: https://youtu.be/29V7lZuG90c