Bizkaiko Foru Aldundiak 725 errefuxiaturi eman die arreta 2024tik orain arte, Goihabe programaren bidez. Programa hori Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak kudeatzen du. Foru-baliabide horrek arreta osoa eta gizarte-laguntza eskaintzen ditu, eta nazioarteko babes-eskaera ukatu zaien eta ondorioz administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonentzat da bereziki.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespadak Errefuxiatuen Mundu Eguna dela-eta gogorarazi duenez, pertsona hauek gerratik eta mehatxutik egiten dute ihes. Beldurrak eta defentsarik ezak bultzatzen dituzte lekualdatzera. Eta, askotan, deserrotzea eta babesgabetasuna aurkitzen dituzte
. Gaurko jardunaldiak ez luke existitu behar; lotsatu egiten gaitu. Pertsona hauek ezer gabe egiten dute ihes. Bizkaian, duintasuna eta benetako babesa eskaintzen dizkiegu
, adierazi du.
2024an, Goihabek 401 pertsonari eman zien arreta, eta 2025ean (ekainaren 18ra arte), beste 324 pertsonari. Haietatik, 2024an % 71 eta 2025ean % 70 familiaren bateko kideak ziren: 112 familia 2024an (285 pertsona) eta 77 familia 2025ean (227 pertsona).
Gainerakoek, 213 pertsonak (116 pertsona 2024an eta 97 pertsona 2025ean), banakako arreta jaso zuten.
Sexuaren araberako banaketari dagokionez, 2024an 223 gizoni (% 56) eta 178 emakumeri (% 44) eman zitzaien arreta. 2025ean, gizonak % 60 izan ziren (195), eta emakumeak % 40 (129).
Adina ere faktore adierazgarria da. Guztizkoaren % 28 familiarekin batera etorritako adingabeak dira, bai 2024an (112 pertsona), bai 2025ean (92 pertsona). 18-25 urte bitartekoak ziren haietatik % 18-% 19 (72 pertsona 2024an eta 63 pertsona 2025ean). 65 urtetik gorakoak % 2 izan ziren bi ekitaldietan (8 eta 6 pertsona, hurrenez hurren).
Jatorriari dagokionez, nazionalitateen araberako profilak bere horretan iraun du: Kolonbia da zerrendako lehenengoa bi urteetan: 100 pertsona 2024an eta 80 pertsona 2025ean (% 25). Ondoren, Maroko (67 pertsona 2024an eta 61 pertsona 2025ean, % 17tik % 19ra bitartean) eta Venezuela (50 pertsona 2024an eta 35 pertsona 2025ean, % 11tik % 12ra bitartean) daude.
Arreta osoa gizarte-entitateekin
Goihabe programa harreraren eta esku-hartze sozialaren eremuan erreferentziazkoak diren gizarte-erakundeen lankidetzarekin egiten da: Zehar-Errefuxiatuekin, Caritas, Bizkaiko Gurutze Gorria, Ellacuría Fundazioa, Lagungo eta Pertsonalde.
Eskainitako arreta-eredua osoa eta pertsonalizatua da, eta alderdi hauek konbinatzen ditu: bizileku- eta ekonomia-sostengua; laguntza psikologikoa eta juridikoa; esku-hartze sozial etengabea, eta lan-orientazioa eta enplegurako prestakuntza.
Komunitatearen parte-hartzea sustatzeko ekintzak
Lan-eremuari dagokionez, 38 pertsonak hartu dute parte orain arte gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuetan. Haietatik 8k enplegua lortu dute dagoeneko, eta gainerakoek konpetentzia pertsonalak, digitalak eta soziolinguistikoak garatzen jarraitzen dute prestakuntza-ibilbideetan.
2024an, Aldundiak 395.000 euro inbertitu zituen Goihabe programan. Zenbateko horri beste 50.000 euro gehitu zitzaizkion Saiatuz programaren bidez. Programa horren ardatza enplegurako laguntza da.
Goihaberen arreta osoa eta iraunkorra da, eta gure lurralde historikora izugarrikeriatik ihesi heltzen diren pertsona guztiengana iristen da, beren jatorrizko lekua zeinahi dela ere
, azpimarratu du Laespadak.
Testuinguru global kezkagarria
Errefuxiatuek munduan duten egoera kritikoa da oraindik ere. ACNURen azken datuen arabera (2025eko apirila), 122,1 milioi pertsona daude nahitaez lekualdatuta, 2024aren amaieran erregistratutako errekorra (123,2 milioi) baino gutxixeago.
Guztizko horretatik, 73,5 milioi barneko lekualdatuak dira (iaz baino % 9 gehiago), eta 42,7 milioik mugak zeharkatu dituzte errefuxiatu edo asilo-eskatzaile gisa. Lekualdatu gehien duten herrialdeak Sudan (14,3 milioi), Siria (13,5), Afganistan (10,3) eta Ukraina (8,8) dira.
2024an, 9,8 milioi itzuli ziren beren borondatez —ia 2 milioi siriar barne—, baina lekualdatuen kopuru globala kezkagarria da oraindik ere. Egoera horretan, Goihabe eta halako programak funtsezkoak dira pertsona horiei erantzun duinak, iraunkorrak eta eraginkorrak emateko.