51 eta 26 urteko bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean Bilboko Alde Zaharreko etxebizitza batean lapurreta egin ostean. Ustezko lapurrak etxe barrura sartu dira, eta ihes egiten ari zirela bertan bizi den bizilaguna kolpatu dute haiek hauteman dituenean. Handik gutxira, Ertzaintzako eta Bilboko Udaltzaingoko agenteek lapurretaren ustezko bi egileak aurkitu eta atxilotu dituzte.
Lapurreta goizaldeko ordu bat eta erdietan gertatu da Bilboko Alde Zaharrean, biktimak bi pertsona haren etxeko egongelan hauteman dituenean. Biktimak etxe barruan topatu dituenean, ustezko lapurrak ihes egiten saiatu dira baina biktimak etxeko atarian harrapatu ditu. Bi erasotzaileek etxebizitzako bizilagunarekin borroka egin dute honek atxiki ez zitzan; eta hala, haietako batek bizilaguna kolpatu du hainbat lesio eraginez saihetsaldean.
Susmagarriek ihes egitea lortu dute, baina, handik gutxira, Ertzaintzaren patruila batek eta Bilboko Udaltzaingoaren beste batek etxebizitzaren inguruan aurkitu dituzte. Bi gizonen deskribapena biktimak emandakoarekin bat zetorrenez, atxilotu egin dituzte indarkeriaz egindako lapurreta eta bizilekua bortxatzea leporatuta, gerora kalean aurkitu duten diru-zorro bat etxe horretan lapurtu baitute.
Atxilotuak —51 eta 26 urtekoak eta polizia-aurrekariak zituztenak— Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte, beharrezko polizia-eginbideak egiteko. Haiek amaituta, atxilotuak epailearen esku jarriko dituzte datozen orduetan.