Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Eibarko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez kudeatutako zuzeneko dirulaguntza (1.063.000 euro) Eibarko Udalari ematea onartu du Gobernu Kontseiluak, Errebal Plaza espazioa egokitu eta dinamizatzeko, “Dibertsifikazio ekonomikoa: sektore turistikoa eta komertziala” proiektu traktorearen esparruan, Debabarreneko Lehentasunezko Jarduketa Eremuaren (ZAP) barruan.
Proiektuak esku-hartze integrala aurreikusten du Errebal Plaza espazioan, jarduera komertzialaren eta dinamizazio turistikoaren gune neuralgiko bihurtzeko, bere azpiegitura eta herritar guztiei eta Eibarko merkataritzaren sektoreari eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko helburuz.
Aurreikusitako jarduketen artean daude:
- Plaza estalian eta erabilera anitzeko geletan erosotasun termikoa eta akustikoa hobetzea, gehiago erabil dadin merkataritza- eta gizarte-dinamizazioari lotutako ekitaldietarako.
- Merkataritza-espaziorako sarbidea erraztea eta modernizatzea, aparkalekuak monitorizatzeko sistema bat instalatzea, elektrolinerak abian jartzea, komun publikoak egokitzea eta plazaren kanpoko irudia hobetzea, identifikazio eta informaziorako elementuak instalatuta.
- Merkatuko plazaren barne-dinamizazioa, postu finkoetako bat zuzeneko arreta-gune bihurtuta bai sektorearentzat bai herritarrentzat, eta barneko merkataritza-espazioa berrantolatuta, funtzionalagoa eta erakargarriagoa izan dadin.
- Tokiko merkataritza digitalizatzea, erosketa-sistema digitalak eta sektorearen lehiakortasuna eta ingurune digital berrira egokitzeko gaitasuna indartuko duten tresna berriak ezarrita.
Neurri horiei esker, Eibarko bizitza ekonomiko eta sozialerako funtsezkoa den espazio bat biziberritu ahal izango da, eta eskualdeko erreferentzia bihurtu berrikuntza, irisgarritasun eta dinamizazio komertzialari dagokienez.
Errebal Plaza proiektua lankidetza instituzionalaren adibide bat da, dibertsifikazio ekonomikoaren eta tokiko merkataritza biziberritzearen zerbitzura, eta erabat lerrokatuta dago Euskadin ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Programaren helburuekin.