Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskadiko Ikerkuntza Kooperatiboko (CIC) lau zentroei urteanitzeko 17,5 M€-ko dirulaguntza zuzena ematea onartu du: CIC BioGUNE, CIC BiomaGUNE, CIC NanoGUNE eta CIC EnergiGUNE dira zentroak. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatutako neurri horren helburua da CICen finantza-egonkortasuna bermatzea 2025eko ekitaldian, eta 2026tik aurrera beste finantzazio-marko baterako oinarriak jartzea.
Laguntza hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak CICen kudeaketan zuen eskumena Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari eskualdatzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Salbuespenezko neurri iragankorra da, eta administrazioaren berregituraketak eta datorren urterako indarrean dagoen deialdirik ez egoteak justifikatzen dute. Salbuespenezko neurri iragankorra da, eta administrazio-berrantolaketa une honetan estrategikoak diren zentro hauen jarraitutasun operatiboa bermatzeko hartu da.
Euskadiko Ikerkuntza Kooperatiboak (CIC) euskal sistemaren I+G+Bko funtsezko piezak dira, Eusko Jaurlaritzaren politika zientifikoaren lehentasun estrategikoei erantzuteko sortuak hain zuzen. Haien bilakaerari esker, nazioarteko erreferente bihurtu dira gorantz doazen arloetan, hala nola, biozientzietan, biomaterialetan, nanozientzietan eta energian. Aktiboki laguntzen dute talentu ikertzailea erakartzen eta atxikitzen, bai eta zientzialari belaunaldi berriak prestatzen ere.
Ikerketa-bikaintasunaz gain, CICen ezaugarri behinena enpresa-sektorera ezagutza transferitzeko duten joera handia da, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuekin eta RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat eginez.
17.520.000 euroko laguntza urteanitzekoa da: 12.520.000 euro 2025ean ordainduko dira eta gainerako 5.000.000 euroak 2026rako konpromiso-kreditu gisa esleituko dira.
Neurri horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du bikaintasuneko ikerketarekin duen konpromisoa, eta Euskadi ezagutza, berrikuntza eta garapen teknologikoko lurralde gisa sendotzeko duen apustu irmoa.