Gobernu Kontseiluak unibertsitatez kanpoko ikasketetarako beka eta laguntzetara 72 milioi euro bideratzea onartu du gaur.
Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, beken deialdi hau, Hezkuntza sailaren ildo nagusietako bat da ikasle guztientzako bikaintasun-eskola bat sustatzea helburu hartuta. Aurrekontua zabaldu ahal izango da eskaera guztiei erantzuteko.
“Kalitatezko hezkuntza-sistema inklusibo eta ekitatiboa lortzea da laguntza-lerro honen oinarria, ikasle guztiek hezkuntzarako sarbidea izan dezaten, eskola-arrakasta, parte-hartzea eta garapen integrala bermatuz” adierazi du bozeramaileak. “Deialdi honek – jarraitu du- zuzeneko laguntza ematen die familiei, eta bidezkoagoak diren baldintzak sortzen laguntzen du, ikasle guztiek beren hezkuntza-ibilbidea bermeekin garatu ahal izan dezaten, bereziki zaurgarritasun handiko testuinguruetan”.
17,5 milioi euroko laguntza Ikerkuntza Kooperatiboko zentroei
Gobernu Kontseiluak gaur Euskadiko Ikerkuntza Kooperatiboko (CIC) lau zentroei 17,5 M €ko dirulaguntza zuzena ematea ere onartu du: CIC BioGUNE, CIC BiomaGUNE, CIC NanoGUNE eta CIC EnergiGUNE zentroei, alegia.
Ubarretxenaren hitzetan “neurri horren helburua da Euskadiko Ikerkuntza Kooperatiboaren finantza-egonkortasuna bermatzea 2025eko ekitaldian, eta 2026tik aurrera beste finantzazio-marko baterako oinarriak jartzea”.
Elkarrekin Bonu-Programa 2025 eta lankidetza-hitzarmenak unibertsitateekin
Gobernu Kontseiluak Elkarrekin Bonuen 2025eko Programari dagozkion hiru deialdiak onartu ditu gaur, euskal gizartearen hainbat esparrutan bakearen kultura, bizikidetza demokratikoa, giza eskubideak eta indarkeriarik eza sustatzeko.
Deialdiek hezkuntza, herritarren parte-hartzea eta tokiko bizikidetzaren esparruetara zuzenduta daude, eta guztira 250.000 euroko zuzkidura dute. Laguntza horien bidez, gizarte-erakundeen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritu nahi dira, topaketaren, justizia sozialaren eta kohesio demokratikoaren kultura sendotzeko.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan eta auzitegietan praktikak egiteko bi lankidetza-hitzarmen sinatzea onartu da gaurkoan, Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU).
Liburutegietan teknologia berriak ezartzeko laguntzak
Gobernu Kontseiluak, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko (EIPS) liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur.
“300.000 euroko aurrekontua duen ekimen honen helburua da liburutegi publikoek ezagutzarako eta informaziorako sarbide unibertsaleko gune gisa duten zeregina indartzea, XXI. mendeko erronka digitaletara egokituz – azaldu du Ubarretxenak- laguntzei horiei esker, udalek eta toki-erakundeek ekipamendu teknologikoa erosi eta instalatu ahal izango dute, hala nola ordenagailuak, telekomunikazio-sareak edo software espezializatua”.
Era berean, kirol-arloko lanbideetan sartu eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea garatzeko Dekretua onartu da gaur Gobernu Kontseiluan. “Funtsezko mugarria da sektorea duintzeko, jarduera fisikoa egiten dutenen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta profesionalei zein herritarrei legezko ziurtasunak eskaintzeko” adierazi du bozeramaileak.
Dekretu honek Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuko lanbideak ofizialki arautzeko eta aitortzeko beharrezko erregelamendu-esparrua ezartzen du, baita lanbide horietan aritzeko gutxieneko baldintzak ere. Horrela, bete egiten da 8/2022 Legean xedatutakoa. Lege hori 2022ko uztailean sartu zen indarrean, eta 2026ko urtarrilaren 1ean amaituko da haren hedapena, artikuluetan aurreikusitako lau urteko aldi iragankorraren ondoren.
Euskadiko landa-eremuak bultzatzeko LEADER programa
Gobernu Kontseiluan jorratutako beste gaien artean, 6.245.430 euroko zuzkidura onartu da Euskadiko landa-eremuetan tokiko garapena bultzatzeko tresna estrategikoa den LEADER programaren 2025eko ekitaldiko deialdia finantzatzeko.
Ubarretxenak azaldu duenez, %7,8ko igoera izan du aurreko ekitaldiarekin alderatuta. “Beraz, sendotu egin da Eusko Jaurlaritzak aukerez betetako landa-ingurune bizi eta dinamikoarekin duen konpromisoa” gaineratu du.
Mendinet izeneko Tokiko Ekintza Taldeak egingo du datozen egunetan landa-ingurunean eragina duten ekimen publikoak eta pribatuak babesteko deialdia.
Turismo arloko laguntzak Eibar eta Donostiako udalei
Gobernu Kontseiluak onartu du 1.063.000 euroko dirulaguntza ematea Eibarko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Eibarko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren bidez, Errebal Plaza egokitu eta dinamizatzeko.
Plazaren eraberritzea, Debabarreneko Lehentasunezko Jarduketa Eremuaren (ZAP) baitan kokatzen da, zehazki, «Dibertsifikazio ekonomikoa: sektore turistikoa eta komertziala» proiektu eragilearen barruan.
Proiektuak Errebal Plazaren eremuan esku-hartze integrala egitea aurreikusten du, jarduera komertzialeko eta dinamizazio turistikoko gune neuralgiko bihurtzeko. Zentzu horretan, Eibarko herritar guztiei zein merkataritza-sektoreari eskainitako azpiegiturak zein zerbitzuak hobetuko dira.
Halaber, Donostiako Udaleko Donostia Sustapenari 153.278,70 euroko dirulaguntza ematea ere onartu da, EkinDendak proiekturako. Egitasmo honen baitan, ekintzailetza eta merkataritzaren biziberritzea sustatu nahi dira Bretxako merkatuan.