Eusko Jaurlaritzak % 7,8 handitu du landa-garapenerako laguntza, eta 6,2 milioi euro bideratu ditu LEADER programaren bitartez

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak 6.245.430 euroko zuzkidura onartu du Euskadiko landa-eremuetan tokiko garapena bultzatzeko tresna estrategikoa den LEADER programaren 2025eko ekitaldiko deialdia finantzatzeko. Horrek esan nahi du % 7,8ko igoera izan dela aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Beraz, sendotu egin da Eusko Jaurlaritzak aukerez betetako landa-ingurune bizi eta dinamikoarekin duen konpromisoa.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok nabarmendu duenez, aurrekontu-igoerak argi eta garbi erakusten du Eusko Jaurlaritzak gure herriek eraldatzeko duten ahalmenean sinesten duela. Landa-ingurunea ez da iragana soilik: oraina ere bada, eta, batez ere, etorkizuna”.

LEADER landa-garapenerako Europako programa bat da, goranzko ikuspegi batean (bottom-up) oinarritua eta tokiko eragileek beren beharrak identifikatu ditzaten eta jarduteko estrategiak diseinatu ditzaten sustatzen duena. Euskadin, tokiko ekonomia indartu, zerbitzuak hobetu eta lurraldeko sustraitzea finkatu duten proiektu berritzaile ugari bultzatu ditu eredu horrek urte hauetan.

«LEADER programari esker, ideiak herrietan sortzen dira eta barruan garatzen dira, eremua ezagututa, tokiko parte-hartzearekin eta tokiko adimenarekin«, azaldu du Barredok. “Kontua ez da ereduak inposatzea, beren errealitatea hobekien ezagutzen dutenak ahalduntzea baizik”.

Gaur onartutako finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontutik dator, eta LEADER estrategiaren bidez bideratuko da lurraldean. Mendinet izeneko Tokiko Ekintza Taldeak egingo du datozen egunetan landa-ingurunean eragina duten ekimen publikoak eta pribatuak babesteko deialdia.

2025eko aurrekontua —6.245.430 eurokoa2024an onartutakoa (5.795.435 eurokoa) baino % 7,8 handiagoa da. Barredo sailburuaren ustez, gehikuntza hori NPBPE Finantza Planean egindako doikuntzen emaitza da, eta laguntza horren funtsak azken hartzailearengana modu eraginkorrean iristeari eman zaio lehentasuna. Horrek indartu egin du Eusko Jaurlaritzaren ikuspegi garbia: “Landa-garapena ez da politika marjinala, herrialde-politika baizik. Landa-ingurunearen alde egitea Euskadi orekatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzea da”.

Gazteria

Amaia Barredok gaineratu duenez, «funts horiekin, gazteek ekiteko aukera izango dute, emakumeek lidergo-guneak izango dituzte, eta herriek etorkizuna eskainiko dute, sustraiei uko egin gabe».

“Despopulazioak, klima-larrialdiak eta trantsizio digitalak markatutako testuinguru globalean, LEADER gehien behar diren lekuetan aukera errealak sortzeko tresna baliagarri eta hurbil gisa finkatu da”, adierazi du Amaia Barredok.

Euskadin egin duen ibilbidean, LEADER programak landa-inguruneko ehun ekonomiko eta soziala dinamizatu du, eta gazteen ekintzailetza, emakumeen lidergoa, tokiko baliabideen balorizazioa eta lurralde-lankidetzako sareen sorkuntza sustatu du.

“Gure herriak talentuz, ideiez eta energiaz beteta daude. LEADER programak giza kapital horren guztiaren garrantzia nabarmentzen eta horretarako jasangarritasun-, berrikuntza- eta kohesio-irizpideei jarraitzen laguntzen digu”, azpimarratu du sailburuak.

Inbertsio berri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du landa-garapeneko estrategia aktibo, moderno eta egungo erronketara egokitutakoaren aldeko apustua, trantsizio ekologikoarekin hasi eta belaunaldiarteko erreleboarekin amaitzeraino.

Eusko Jaurlaritza lanean ari da landa-mundua duintasunaren, aurrerabidearen eta bizi-kalitatearen sinonimo izan dadin. Euskadiren etorkizuna gure herrietan ere idazten da”, amaitu du Barredok.