Eusko Jaurlaritzak jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko jardun profesionala arautzen duen dekretua onartu du

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak EAE-n jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 legea garatzen duen dekretua onartu du gaur. Funtsezko mugarria da sektorea duintzeko, jarduera fisikoa egiten dutenen segurtasuna eta osasuna bermatzeko eta profesionalei zein herritarrei legezko ziurtasunak eskaintzeko.

Dekretu honek Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuko lanbideak ofizialki arautzeko eta aitortzeko beharrezko erregelamendu-esparrua ezartzen du, baita lanbide horietan aritzeko gutxieneko baldintzak ere. Bete egiten du 8/2022 Legean xedatutakoa. Lege hau 2022ko uztailean sartu zen indarrean, eta 2026ko urtarrilaren 1ean amaituko da haren hedapena, artikuluetan aurreikusitako lau urteko aldi iragankorraren ondoren.

Dekretuak dakartzan berritasun nagusien artean, nabarmentzekoa da Kiroleko Profesionalen Euskal Erregistroa sortzea, modu digitalean erabil daitekeena. Erregistro hori aitzindaria da Estatuan, eta aukera emango du egiaztatzeko kirol-zerbitzuak ematen dituzten pertsonek badutela legez eskatutako prestakuntza eta gaikuntza profesionala.

Erabiltzaileek, klubek, ikastetxeek, kirol-erakundeek edo elkargo profesionalek profesionalen egoera kontsultatu ahal izango dute, gardentasuna hobetuz eta erabaki informatuak erraztuz. Halaber, erantzukizun zibileko aseguru egoki bat izateko betebeharra ezartzen da, kirol-jardueraren segurtasunari laguntzeko.

Aurretiazko azterketen arabera, erregistroan 20.000 profesional inguru sartuko direla aurreikusten da. 2025eko irailetik 2026ko martxora bitartean, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratuko da zalantzak argitzeaz, inskripzioa errazteaz eta sektoreko eragileei egokitze-prozesu horretan laguntzeaz.

Dekretu hau onartuta, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du kirolean kalitatearekin, profesionalizazioarekin eta berdintasunarekin duen konpromisoa, eta aurrerapauso erabakigarria ematen du egungo gizarte-eskaerei erantzuteko, jarduera fisikoarekin lotutako zerbitzuak laneko gaitasun, segurtasun eta duintasunez ematen direla ziurtatuz.