Gobernu Kontseiluak, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta/edo garatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur.
300.000 euroko aurrekontua duen ekimen honen helburua da liburutegi publikoek ezagutzarako eta informaziorako sarbide unibertsaleko gune gisa duten zeregina indartzea, XXI. mendeko erronka digitaletara egokituz. Laguntzei esker, udalek eta toki-erakundeek ekipamendu teknologikoa erosi eta instalatu ahal izango dute, hala nola ordenagailuak, telekomunikazio-sareak edo software espezializatua.
Eskabideak modu elektronikoan egin beharko dira, www.euskadi.eus/servicios/0095912 atariaren bidez, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean.
Deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du liburutegien euskal sistemaren garapenean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2029 Dirulaguntzen Plan Estrategikoarekin bat eginez.