- Nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-estatistikaren arloan, nekazaritza-ustiategietan, establezimenduetan, industria-enpresetan eta nekazaritza-produktuen merkatuetan informazioa biltzeko
- Hitzarmenak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 85.008,61 euroko finantzaketa jasoko du
- Euskadik eragiketa estatistikoak egiteko beharrezkoak diren baliabide materialen eta giza baliabideen ekarpena egingo du
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Estatuaren (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren bitartez) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bitartez) artean estatistikaren arloko hitzarmen bat sinatzeko (2025. urtea).
Hitzarmenaren xedea da nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-estatistikaren arloko baterako ekintza ezartzea, 2025. urtean nekazaritza-ustiategietan, establezimenduetan, industria-enpresetan eta nekazaritza-produktuen merkatuetan informazioa biltzeko eta haiek grabatzeko eta baliozkotzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan.
Bi aldeek komenigarritzat jo dute hitzarmen bat sinatzea beren eskumenak betez landutako estatistikak harmonizatzeko eta konparatzeko, baita informazioa biltzeko iturri bakarra ezartzeko ere. Horren bidez, bikoiztasunak, desadostasunak eta eragozpenak saihestuko zaizkio informatzaileari, Estatistika Programa gauzatzeak dakarren kostua minimizatuko da, eta estaldura-, fidagarritasun- eta egokitasun-maila nahikoa bermatuko da, Estatuko eta Europar Batasuneko araudiaren eskakizunei jarraikiz.
Programa
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartu du: a) estatistika-programa gauzatzeko beharrezkoak diren eragiketa estatistikoak, Autonomia Erkidegoaren helburuetarako estatistiken gaineko eskumen esklusiboa betez. b) bi aldeen artean adostutako eragiketa estatistikoak egitea eta, ondoren, lortutako emaitzak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari ematea, ezarritako egutegiaren arabera. Eta c) adostutako eragiketa estatistikoak egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak lortzea, zuzenean edo zeharka.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa Autonomia Erkidegoak estatistika-arloan egindako eragiketen tratamenduaz, arazketaz, integrazioaz eta zabalkundeaz arduratuko da, adostutako egutegiaren arabera. Halaber, Autonomia Erkidegoak Estatistika Programa egiteko egin behar dituen lanen zatia finantzatuko du.
Hitzarmenak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 85.008,61 euroko finantzaketa jasoko du, eta zenbateko hori adostutako eragiketa estatistikoak gauzatzera bideratuko da. Euskadik adostutako eragiketa estatistikoak egiteko beharrezkoak diren baliabide materialen eta giza baliabideen ekarpena egingo du.
Lan-programen artean, honako hauek nabarmentzen dira: eragiketa estatistikoak eta Autonomia Erkidegoak egiten dituen eta 2025-2028 aldiko Estatistika Plan Nazionalean (PEN) Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari esleitzen zaizkion lan zehatzak, baita Nekazaritzaren Eskualdeetako Kontu Ekonomikoak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak argitaratutako metodologiaren arabera egiteko beharrezkoak diren eragiketak ere.