GGLAk Guadiana Eurohiriko ordezkaritza bat jaso du Resilient Borders – SP7 proiektuaren baitan

0

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) Guadiana Eurohiriko EGEko ordezkaritza baten bisita jaso du, AFOMEFen koordinazioaren bidez antolatua, Espainia–Frantzia–Andorra VI-A Interreg Programaren eta Resilient Borders – SP7 europar proiektuaren baitan. Ordezkaritza Eluska Renedo Illarregi GGLAko zuzendari nagusiak eta Miguel Ángel Páez Escamendi Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuordeak —eta GGLAko presidenteordeak— hartu dute.

Jardunaldian zehar, Ayamonte, Castro Marim eta Vila Real de Santo António herrietako ordezkari politiko eta teknikoek interes berezia agertu dute tokiko esperientziak lehen eskutik ezagutzeko mugikortasun jasangarriaren, garraio publiko transfronterizoaren eta txartel-sistemaren arteko bateragarritasunaren arloan, baita ingurumen-eremu partekatuen kudeaketan ere. Topaketan, GGLAk mugaz gaindiko eta eskualde arteko proiektuen inguruko bere esperientzia partekatu du, baita tokian tokiko hainbat ekimen ere, mugikortasun jasangarriaren eta mugaz gaindiko garraioaren arloan.

Ildo horretan, GGLAko presidenteorde Miguel Ángel Páezen hitzetan: “Gipuzkoa eta Euskadi kokapen pribilegiatuan daude Bidasoa ibaiaren bi aldeetako mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko, eta aurrera egin nahi dugu baita garraio publikoaren ikuspegitik ere, mugikortasun jasangarriaren arloan urrats sendoak ematen jarraitzeko. GGLAtik lehentasunezko helburua da herritarrei ahalik eta erraztasun handienak ematea gure herrialdeen artean garraio-modu desberdinak erabiltzeko, trenbidea barne, eta helburu horrekin ari gara proiektuak bultzatzen administrazio desberdinen eta GGLAren artean, Europaren laguntzarekin. Azken batean, lankidetza eta elkarlana dira helburu horiek martxan jartzen lagunduko diguten tresnak.”

Ordezkaritzak xehetasunez ezagutu ahal izan du MUGI sistema, Gipuzkoako garraio publikoaren modu guztiak txartel bakar baten bidez integratzen dituen ekimen aitzindaria. MUGIk deskontu progresiboen sistema bat du ezaugarri, operadore publiko eta pribatuen arteko koordinazioa, eta irisgarritasunaren eta lurralde-kohesioaren aldeko apustua. Gainera, bere gobernantza-eredu partekatuak –foru, udal, estatu eta autonomia mailako erakundeen arteko lankidetzan oinarritua– interes berezia piztu du esperientzien trukean.Bisitan zehar, sistemaren kontrol-zentroan eta Gipuzkoako garraio publikoaren kudeaketa eta jarraipenerako beste espazio batzuetan ere izan dira.

Jardunaldi honek indartu egiten du garraio-eredu iraunkorragoak, inklusiboagoak eta konektatuagoak sustatzeko konpromiso partekatua, gure mugetatik harago ere.