Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak erregistro-liburu elektronikoak bidali dizkio mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari, izapideak errazteko

0
  • Honako hauek zehazteko: sarrera eta irteerak, elaborazio-prozesuak dituzten ardogintzako produktuak, praktika enologikoak, elaborazioa eta produktuen mugimendua.
  • Paperezko sistema tradizionalek bere horretan jarraituko dute.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko derrigorrezko erregistro-liburuei buruzko eredu elektronikoak bidali dizkie mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari —nekazaritza-erakundeak, nekazariak eta upeltegiak—, izapideak errazteko; aldi berean, paperezko sistema tradizionalari eutsiko zaio.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gutun bat igorri du honako hau zehaztuta: “Dagoeneko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreak eskuragarri du “Tramitagune”ren bidez formatu elektronikoan liburuak eskatzeko aukera. Liburuak eskuratzeko bi aukera daude: paperezkoak, betikoak, atari horren bidez eskatu beharko direnak, eta elektronikoak, modu berean eskatzen direnak. Behin eskaeran sartuta bi aukerak agertzen dira”.

Sailak eta Basque Wine-ren bulegoak sektoreari informazioa eman diote, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/elikagai-kalitatea/hasiera/

Joan den ekainaren 13an, Nora Beltrán de Otalora Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak datuak eskuratzeko aukera hori aktibatu zuen, eta interesdunen eskura jarri zituen Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko erregistro-liburuei buruzko eredu elektronikoak. Hemen kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/web01-bopv/eu/bopv2/datos/2025/07/2502990e.pdf

2004ko legeak, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoak, ezartzen duenez, “beren lanbiderako edo merkataritza helburu dela, edozein arrazoi bitarteko hartuta, beren agindupean mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat duten pertsona fisikoek zein juridikoek, eta pertsona horiek osatutako taldeek, produktu horien berariazko kontabilitatea eraman behar dute erregistro-liburuetan, beren instalazioetan lote bakoitzak izandako sarrera eta irteera guztiak eta bertan egindako manipulazioak jasota”.

Erregelamendua

Horren aurretik, 1996ko agindu batek Euskal Autonomia Erkidegoan hasten diren mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen erkidego barruko garraioekin batera aurkeztu behar diren agiriei buruzko arauak eman zituen. Gaur egun, Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko eragile ekonomiko gehienek Europar Batasuneko erregelamenduan arautzen diren mahastizaintzako eta ardogintzako erregistro-liburuak betetzen dituzte, eta papereko erregistro-liburuetan zenbakitutako orri finkoak betetzen dituzte; izapide hori egiten jarraitu ahal izango dute.

Orain, interesdunen eskura jarri dira euskal mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean nahitaezkoak diren erregistro-liburuei buruzko eredu elektronikoak. Beren lanbidean aritzeko edo merkataritzako helburuak betetzeko, edozein kontzepturen pean mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat duten pertsona fisiko edo juridikoei eta pertsona-taldeei zuzenduta daude.

Hori guztia Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak kudeatzen du, eta harremanetarako posta elektronikoa eskaintzen du: calimentaria@euskadi.eus eta informazioa du webgunean: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/elikagai-kalitatea/hasiera/; 1go liburua da: ardoaren sarrera eta irteeren erregistro-liburua, babestutako jatorri deitura duen ardoa (BJD), horiek egiteko produktuak eta lortutako azpiproduktuak; 2garren liburua da: elaborazio-prozesuak dituzten mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen sarrera-irteeren erregistro-liburua (ardo aparduna, ardo apardun gasduna, ardo orratza, likore-ardoa, bateko eta besteko muztioa); eta 3garren liburua da: erregistratuta dauden praktika eta prozesuetarako enologia-praktiken, elaborazio-prozesuen eta produktuen mugimenduen erregistro-liburua.