Eusko Jaurlaritzak Diasporaren Lege berria helaraziko dio Legebiltzarrari 2026an, XXI. mendera egokitzeko

0

“XXI. mendeko euskal diaspora egituratzeko jauzia egiten lagunduko digun lege bat behar dugu”, esan du Lehendakariak.

Eusko Jaurlaritzak Diasporaren Lege-proiektu bat helaraziko dio datorren urtean Legebiltzarrari, araudia garai berrietara egokitzeko (gaur egun indarrean dagoena 1994koa da) eta, horrela, Euskaditik kanpo bizi den euskal gizataldearen behar berriei erantzun ahal izateko. “Egungo barne- eta kanpo-testuingurura egokitutako lege bat behar dugu. XXI. mendeko euskal diaspora egituratzeko jauzia egiten lagunduko digun legea”, esan du Lehendakariak.

Imanol Pradalesek Boiseko Unibertsitateak antolatutako ‘Zortziak bat’ mintegian parte hartu du gaur arratsaldean (13:00etan Estatu Batuetan), diasporaren eta, bereziki, euskal diasporaren erronkei buruz hausnartzeko. Entzulego handi baten aurrean, eta Euskadiren presentzia instituzional nabarmenarekin, Lehendakariak gogoeta egin eta adierazi duenez, “diasporak, euskal diaspora barne, ez dira isolatuta bizi. Mundu konplexu honen parte dira, munduak planteatzen dizkigun erronken eraginpean daude, eta horiei aurre egiteko eragileak dira”.

Paradigma horren pean, Lehendakariaren iritziz, XXI. mendearen laurdena beteta, lan egiteko moduak eta tresnak berritzeko unea da, euskal gizataldeak kanpoan dituen errealitate berriei erantzutea helburu.

“1994ko Diasporaren legeak –nabarmendu du Lehendakariak– emaitza bikainak eman ditu. Nazioarteko euskal komunitatea trinkotzeko balio izan du, Euskal Etxeekin eta Federazioekin lankidetzan. Gaur egungo diaspora, ordea, aldatu egin da. Askotarikoa da. Eta egoera berriek urrats berriak eskatzen dituzte”.

Helburuak

Hala, Imanol Pradalesek berretsi duenez, interesgarriak izan daitezkeen eremu guztietan (kultura, politika, enpresa edo ekonomia, adibidez) euskal herritarrek atzerrian duten presentzia aprobetxatu behar du Euskadik, eta sare horretan sartu behar ditu Euskadiren “lagunak” diren pertsona guztiak.

Azken batean, Euskal Etxeetatik igarotzen ez den baina Eusko Jaurlaritzak euskal diaspora integratzeko elementu gisa funtsezkotzat jotzen duen euskal herritarren sarera iristea. Munduko 25 herrialdetan banatutako Euskal Etxeek 36.000 bazkide dituzte gaur egun. Hala ere, Euskadin jaiotako pertsona batzuk beste geografia batzuetan daude, eta gizarte historiko hauetatik kanpo bizi dira. 80.000 euskal herritarrek baino gehiagok dute botoa emateko eskubidea munduko ehun herrialdetan.

Ander Caballerok, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusiak, bere hitzaldian Caballerok adierazi duenez, diaspora bera politika berriak eskatzen ari da, 2024-2027 Euskal Gizataldeen Lau Urteko Planean jaso zen bezala. Horrela, Diasporari buruzko 8/1994 Legearen aldaketarekin lortu nahi den helburuetako bat Euskadi berriro ere abangoardian kokatzea da, kanpoko euskal gizataldeari arreta emateko. Euskal gizatalde hori fazeta anitzekoa da XXI. mendean, eta funtsezko aktibo gisa aurkezten da ‘Euskadi Globala’ estrategiaren diplomazian.

Gaurko garaiak

Lehendakariak esan duenez, lege berri bat da, modernoa eta 30 urteko esperientziaren ondoren garai berrietara egokitua. Une honetan, oro har, “garai aldakor eta zalantzazkoetan bizi gara”, eta hori, bere ustez, jada ez da ziklikoa, egiturazkoa baizik. “Ondo antolatutako eta ondo finantzatutako estremismo batek desafio eta eraso egiten dio demokraziari. Hau mundu osoan gertatzen ari da. Lider autoritarioek gidatutako nazioarteko eragile berriak eta ohiak beren espazioa sortzen eta eskatzen ari dira. Asmo inperialistak berpiztu egin dira, baita iragan arriskutsu baten beldurra ere”, adierazi du.

Testuinguru horretan, Imanol Pradalesek defendatu duenez, Euskadik jauzi berri bat eman behar du nazioartean, eta ‘Euskadi Globala’ estrategia errealitate bihurtzeko lan egin behar du. “Euskadin prest gaude nazioarteko testuinguruak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko. Europar gisa Europaren etorkizunean eta munduan zehar protagonista izateko. Gure gaitasunetatik abiatuta geure lekua hartzeko garaia da hau”, defendatu du.

Estrategia horrek pertsonak erdigunean jartzen ditu, eta euskal komunitate global sendo eta antolatu baten laguntza behar du, Euskadi mundu mailako ekosistema eta sare aurreratuenekin konektatzeko, eta mundu osoan aukera berriak aurkitzen laguntzeko.

Lehendakariak bilera egingo du bihar, abuztuak 1, ostirala, North American Basque Organizationseko (NABO-Euskal Erakundeen Ipar Amerikako Elkartea) ordezkariekin, eta 2025eko Jaialdian izango du bere azken ekitaldia, Sokadantzako topaketa batekin eta Eusko Jaurlaritzak euskal diasporako kideei egingo dien harrerarekin.