Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prebentzio-neurriak indartzen ditu Hendaian detektatutako chikungunyako kasu autoktono baten aurrean

0
PRUEBA
  • Irun, Hondarribia, Donostia, Lezo, Pasaia, Oiartzun edo Errenteria bezalako udalerrietatik gertu dagoenez, eltxo tigrea zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak indartzeko eskatu die Bidasoa eskualdeko udalei
  • Osasun Sailak informazio-zirkular bat ere bidali die Osakidetzako profesionalei, zaintza klinikoan adi egoteko

Joan den astelehenean, uztailak 24, Hendaian chikungunya kasu autoktono baten berri izan ondoren, baita eremu bereko bi kasu posible jakinarazi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eltxo tigrearen (Aedes albopictus) zaintza- eta kontrol-neurriak indartzeko eskatu die Bidasoa eskualdeko udalei, eltxo hori baita gaixotasun horren transmisioaren bektore arduraduna.

Hendaia Irun, Hondarribia, Donostia, Lezo, Pasaia, Oiartzun edo Errenteria bezalako udalerrietatik gertu dagoenez, biztanleria mugaz haraindi mugitzen denez, eta gaur egun inguru horretan jaiak eta udako ekitaldiak ospatzen direnez, Osasun Sailak zirkular baten bidez jakinarazi die udal horiei -gai horretan eskumenak baitituzte – prebentzio-neurriak indartzeko. Nahiz eta egoera honek ez duen alarma sortu behar.

Ildo horretan, Osasun Sailak informazio-zirkular bat bidali die Osakidetzako profesionalei, eta eskatu die zaintza kliniko zorrotza egiteko eta adi egoteko chikungunyarekin bateragarriak diren sintomak agertzen direnean, hala nola sukar altua, artikulazioetako min handiak edo larruazaleko erupzioak, bereziki duela gutxi ziztaden aurrekariak dituzten pertsonen kasuan.

Hauek dira inguruko udalei zuzendutako gomendioak:

  1. Herritarrentzako informazioa
  • Eltxoen ziztadak prebenitzeko moduari buruzko mezu argiak zabaltzea, bereziki pertsona kalteberenetan (adinekoak, haurrak eta haurdunak).
  • Uxatzaileak, mahuka luzeko arroparen eta etxean babesteko elementuen (eltxo-sareak edo eltxoen aurkako gailu elektrikoak) erabilera sustatzea.
  1. Haztegiak kontrolatzea eta ezabatzea
  • Ur geldiak pilatu daitezkeen eremuen ikuskapena indartzea: patioak, lorategiak, iturri apaingarriak, deposituak edo kainu-zuloak (hustubideak espaloien azpian).
  • Arrisku handikotzat hartutako inguruneetan kontrol adultizidako jarduketa puntualak eta fumigazio-neurriak baloratzea.
  1. Udalen arteko lankidetza eta osasun-koordinazioa
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zerbitzuekin komunikazio-kanal aktiboak izatea, edozein kasu susmagarri jakinarazteko.
  • Udalerri mugakideen arteko ahaleginak koordinatzea, eltxo bektorea zaintzeko eta kontrolatzeko baliabideak optimizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi du Frantziako agintariak aktiboki monitorizatzen ari direla Hendaian baieztatutako kasua, baina hurbiltasun geografikoa dela eta, komeni da inguruko EAEko udalerriek prebentzio-neurriak indartzea.

Eusko Jaurlaritzak eskertu egiten du udalek eta herritarrek transmisio-arriskua minimizatzeko eta osasun publikoa babesteko emandako laguntza.

Eltxo tigreari (Aedes albopictus) buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:

Tigre eltxoa (Aedes albopictus) – Ingurumen Sanitatea – Osasun Saila – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus