Imanol Pradales: “Mundua bloketan banatzen den honetan, zaratatik haratago, zubiak eraikitzen jarraitzea da gure helburua”

0
  • Lehendakaria Estatu Batuekin harremanak estutzearen alde agertu da, besteak beste, enpresa- eta merkataritza-aukera berriak aprobetxatzeko. 
  • Nabarmentzekoa da Idahok bere jarduera ekonomiko eta komertziala arautzeko duen gaitasuna, AEBko eredu politikoaren botere deszentralizatuari esker 

Lehendakariak defendatu duenez, gaur inoiz baino gehiago, beharrezkoa da zarata gainditzea eta Estatu Batuen eta Euskadiren arteko lankidetzarako “zubiak eraikitzen jarraitzea”. “Mundua bloketan banatzen den honetan, zaratatik haratago, zubiak eraikitzen jarraitzea da gure helburua. Loturak eta multilateralismoa indartzea”, azpimarratu du.  

Imanol Pradales Brad Little Kapitolioko Idaho estatuko gobernadorearekin bildu da gaur arratsaldean (09:00etan, Boisen). Boisen bost urtean behin antolatzen den 2025 Jaialdian parte hartzeko Eusko Jaurlaritzak egiten duen bidaia instituzionalaren barruan kokatzen da bilera hori. Jaialdi horren helburua Ipar Amerikako euskal komunitatearekin harremanak estutzea da, euskal diasporak Euskaditik kanpo egiten duen topaketarik handiena baita. 

Lehendakariarekin batera, Ibone Bengoetxea Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusia, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusia eta Conchi Aranguren Euskadik Estatu Batuetan eta Kanadan duen ordezkaria izan dira. Jarraian, ordezkaritzak bigarren bilera bat izan du Udaletxean Lauren McLean Boiseko alkatearekin. 

Imanol Pradalesek gogorarazi du Estatu Batuek eta Euskadik harreman iraunkorra dutela XIX. mendetik, milaka euskal migratzaile Atlantikoaren beste aldera lan bila joan zirenetik. Lehendakariak defendatu duenez, bi herriren arteko loturak “estutu egin behar ditugu” maila guztietan: kulturan, ekonomian, merkataritzan, industrian, baita politikan ere. Azken alderdi hori bereziki sakondu da topaketan.  

“Ez gara hutsetik hasten. Bilera honen bidez, jarraipena ematen diogu Estatu Batuen eta Euskadiren arteko harreman transatlantikoak sendotzeko helburuari». Harreman horiek aprobetxatu daitezke, lehendakariak azpimarratu duenez, enpresa-arloan Euskadirentzat aukera berriak irekitzen saiatzeko, adibidez, industrian, mugikortasunean edo konputazioan aplikazioak dituzten erdieroaleen arloan, eta nekazaritzako teknologian. “Boise bezalako estatuetan dugun izen ona Estatu Batuetan ate berriak irekitzeko aurkezpen gutun bikaina da”, azpimarratu du.  

  

Berezko gaitasunak 

Imanol Pradalesek, bestetik, AEBko egitura politiko federalaren eredua nabarmendu du, Estatu Batuetako estatuek beren gaitasun eta eskumen propioak izatea eragiten duena. “Horietan sakondu nahi dugu. Estatu Batuetan egitura politikoa federala da. Horrek esan nahi du boterea gobernu federalaren eta estatu-gobernuen artean banatuta dagoela. Maila bakoitzak eskumen edo botere espezifikoak ditu. Botere deszentralizatu hori oso interesgarria da ekonomiaren eta merkataritzaren ikuspegitik. Idaho, bere eskumenengatik, jarduera ekonomikoa eta komertziala arautzeko gai da”, azpimarratu du.  

Azkenik, topaketak balio izan du Little gobernadoreari pertsonalki azaltzeko zertan datzan ‘Euskadi Global’ estrategia, eta esploratzeko zein izan daitezkeen beste harreman-bide batzuk esparru akademikoan, zientifikoan, kulturalean edo turistikoan, besteak beste.  

“Gaur finkatu dugun harreman hau ‘affinity diaspora’-ren adibide bikaina iruditzen zaigu, euskal diasporakoak ez badira ere gure herriaren lagunak diren pertsonak”, esanez amaitu du lehendakariak.  

Idahoko gobernadorearekin izandakoa lehendakariaren hirugarren bilera da Estatu Batuetako ordezkari politikoekin, legegintzaldi honetan. Joan den martxoan herrialde honetara egindako lehen bidaia ofizialean, Imanol Pradalesek izaera politiko nabarmeneko bi bilera izan zituen John Garamendi Alderdi Demokratako biltzarkidearekin eta James E.Risch Alderdi Errepublikanoko senatariarekin, azken hau Idahoko gobernadorea 2006an eta 2007an.