Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kalean duten presentzia areagotuko dute Aste Nagusian segurtasuna indartzeko

0

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua eta Eneko Goia Donostiako alkatea Segurtasuna Koordinatzeko Batzordearen bileraren buru izan dira gaur goizean, eta bertan erabaki dute datorren Aste Nagusiari begira segurtasun-dispositiboa abian jartzea. Aste Nagusia abuztuaren 9an hasiko da, ohiko kanoikadarekin. Kalean agenteak egotea, bai uniformedun patruilak, bai kalez jantzitakoak, hiriburuko jaietan segurtasuna prebenitzeko eta bermatzeko neurri nagusia izango da. Horretarako, delinkuentzia-indizeak ahalik eta gehien murrizteko helburua jarri da.

 

Bileran parte hartu dute, halaber, Segurtasuneko sailburuorde Ricardo Ituartek, Herritarren Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotzi Martín Ibabek, Ertzaintzako buru Josu Bujandak, Udaltzaingoaren zuzendari Jon Udakiolak eta beste poliziaburu batzuek.

Aste Nagusiaren aurreko egunetan ohikoa den bezala, Koordinazio Batzordeak Donostiako Aste Nagusirako aurreikusitako operatibo berezia errepasatu du. Operatibo horretan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak beren presentzia areagotuko dute kalean, batez ere jende gehien biltzen den eremuetan, hala nola Alde Zaharrean, Gros auzoan eta hiriaren erdialdean, patruila bateratuekin, azken urteotan ohikoa izan den bezala. Egun anitzeko ekitaldiek berariazko tratamendua izango dute, ibilbide jendetsuenak eta jai-jarduera kontzentratzen ez den auzo periferikoak alde batera utzi gabe.

Bi poliziek arreta berezia jarriko dute delitu ohikoenen prebentzioan, hala nola ebasketa txikien eta telefono mugikorren lapurreten prebentzioan edo alkoholaren eta drogen kontsumoaren ondoriozko jokabideen prebentzioan. Era berean, eraso eta abusu sexistak prebenitzen lagunduko dute, gaueko zaintza indartuz, herritarrei babes handiagoa eskaintzeko jai-jarduerez gozatu ondoren etxera itzultzean. Aurtengoari begira, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak herritarren informazioa indartzeko ahalegina egingo dute, kontzientziazio-kanpainen eta segurtasun-aholkuen bidez, delitu txikiak saihesteko.

Donostiako Udaleko Segurtasuneko zinegotzi Martín Ibabek nabarmendu duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak «ahalegina egingo dute kalean presentzia areagotzeko, eta ahalik eta ordu eta eremu gehien beteko dituzte, bai jai-esparruetan, bai jende gehiago biltzen den lekuetan, eta, horretarako, zerbitzu guztiak berrituko dira». Ibabek adierazi duenez, bi segurtasun indarrek «esperientzia haundia dute elkarrekin eta koordinatuta lan egiten jaiegunetako operatiboei begira», eta zaintza areagotu egingo dela adierazi du, bai kalean bertan dauden patruilekin, bai baliabide operatiboekin, nahi ez diren egoerak murrizteko. Ibabek «arreta handiz» jokatzeko deia egin du, jende asko biltzen den lekuetan ebasketak egitea bezalako delituen aurrean, eta Zurriola pasealekuan, Bulebarrean eta Alderdieder lorategietan dauden puntu mugikorretan edozein egoera salatzeko eskatu die herritarrei.

Bestalde, Ertzaintzaren buru Josu Bujandak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera planifikatzea erabilgarri dauden baliabide guztiak koordinatzeko dispositiboa. Halaber, nabarmendu du herritarren laguntza funtsezkoa izango dela bi polizien prebentzio-lanetan eta berehalako jarduketan. Halaber, Bujandak Donostiako Aste Nagusian erregistratu daitezkeen legez kanpoko delituak eta jarrerak salatzeko eskatu die herritarrei.