Bi atxilotu Donostian beldurra erabiliz lapurreta egiteagatik

0

Ertzainek Donostian beldurra erabiliz egindako lapurretaren bi egileak atxilotu zituzten atzo. Atxilotuek arma zuri batekin mehatxatu zuten pertsona bat telefono mugikorra eta diru-zorroa kentzeko

Atzo, igandea, goizeko seiak aldera, bi gizon gazte bati hurbildu zitzaizkion Gipuzkoako hiriburuko Loiolako Erriberak auzoan oinez zihoala. Ezezagunek, mehatxu eginez eta batek bandoleran zeraman arma zuria erakutsiz, bere gauzak emateko agindu zioten. Horrela, gazteari telefono mugikorra eta diru-zorroa lapurtu zizkioten, dokumentazio eta diru eta guzti.

Biktimak berehala deitu zuen SOS Deiak 112 larrialdietako telefonora gertatutakoaren berri emateko, eta Ertzaintzaren patruila bat segituan bertaratu zen gertatutakoari buruzko datuak eta lapurretaren egileen deskribapena jasotzeko.

Biktimak emandako deskribapenari esker, beste patruila bateko kideek handik laster aurkitu zituzten inguruan bi susmagarriak, eta beldurra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten.

Atxilotuak antzeko egitateengatik aurrekariak dituzten 24 eta 25 urteko bi gazte dira, eta atzo arratsaldean, zegozkion polizia-eginbideak bete ondoren, jarri zituzten agintari judizialaren eskuetan.