Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uztaila normala eta zenbait lekutan hezea izan da orokorrean, nahiz eta hilaren 11ko trumoi-ekaitzen ondorioz, berezitasun aipagarriak izan diren eskualde batzuetan. Horrela, esate baterako, Arabako Lautadaren mendebaldean uztaila oso hezea izan da, eta Arabako kantaurialdean edo Goierrin, berriz, lehorra. Mendea hasi zenetik, 2011. urtea lehenengoa duten serieetako seigarren uztailik hezeena izan da.
Euskalmeten arabera, uztaileko batez besteko tenperatura normala izan da, nahiz eta batez bestekoaren gainetik ibili den Enkarterrin eta itsasertzeko mendebaldeko eskualdeetan, Debabarreneraino. Kostaldean 20-21 ºC inguruan ibili da eta Arabako Lautadan 19 ºC inguruan, 1991-2020ko batezbesteko normalaren gainetik 0,2 ºC. Hilaren lehenengo bi herenetan egun beroak nagusitu diren arren, azken herenean egun hotzak izan dira nagusi.
Baliorik baxuenak hilaren 9an erregistratu ziren, eta tenperatura minimo absolutuak 7 ºC-tik beherakoak izan ziren Arabako Lautadan eta Araba hegoaldean (Iturrieta 5.6 ºC, Salvatierra 5.9, Etura 6.2, Ozaeta 6.7 eta Navarrete 6.8). Itsasertzean 16 ºC ingurukoak izan ziren (Higer 15.9 ºC, Santa Clara 15.7 eta Punta Galea 15.6). Tenperatura minimoekin jarraituz, baina beste muturrean, uztaila ekainaren amaieran hasitako beroaldiarekin hasi zen, eta hileko lehen egunean gaueko tenperatura oso altua izan zen, eta minimoak 20 ºC-tik gorakoak izan ziren kantauriar isurialdeko eremu zabaletan, uztaileko serieen errekorrak hautsiz hainbat estaziotan (Oleta 22 ºC, San Prudentzio eta Sodupe-Cadagua 21.9 eta Elorrio 21.5).
Baliorik altuenei dagokienez, maximo absolutuak oso banatuta egon dira hilabetean zehar. Hilaren 1ean lurralde osoan egin zuen bero, batez ere Araban eta Gipuzkoako barnealdean, eta tenperatura maximoak 37-38 ºC-ra iritsi ziren (Etura 38.3 ºC, Salvatierra 38.1, Espejo 37.9, Kanpezu 37.6, Moreda 37.3 eta San Prudentzio 37.3). Arabako hainbat lekutan, Gipuzkoako barnealdean eta Bizkaiko barnealdeko zenbait lekutan hileko egunik beroena izan zen (Arrasate 36.8 ºC, Oñati 36.6, Igorre 34.8 eta Zegama 34.1). Hilaren erdian bigarren beroaldi bat izan zen, eta bereziki Araba hegoaldeari eragin zion. Zehazki, hilaren 16an eta 17an Ebroko ardatzean tenperatura maximoak 35-36 ºC-tik gorakoak izan ziren.
Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa, orokorrean, batez besteko klimatologikoaren barruan egon da, eta zertxobait txikiagoa izan da EAEren iparraldean. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 211 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 197 eta Gasteizek 238.
Prezipitazioei dagokienez, euri-egunak normala denaren inguruan ibili dira, ipar-ekialdean izan ezik, 12-14 izan baitira, ohikoa dena baino 2-4 egun gehiago, eta Arabako Lautadan, berriz, 4 euri-egun izan dira. Horietako hirutan pilatutako prezipitazioa handia izan da, zehazki hilaren 11n, 23an eta 24an.
Hileko pilatuen banaketa espaziala ez da askorik aldentzen ohikoa denetik, baina ñabardura batzuk daude. Balio altuenak Gipuzkoa ipar-ekialdean daude, eta hiru estaziotan erregistratu dira 100 l/m²-tik gorako balioak (Eskas 190.8 l/m², Oiartzun 119.6 eta Ereñozu 104.7). Ñabardura horietako bat, oso aipagarria, Arabako Lautadako, Goiaingo estazioan, hileko pilatutakoa da, ia 100 l/m²-koa, ekaitzei lotuta. Baliorik baxuenak Araban, Arabako Errioxan, Arabako kantaurialdean eta Añanan banatuta daude, 15 l/m² baino gutxiagorekin (Moreda 7.6 l/m², Saratxo 10.5 eta Tobillas 14.4).
Hilaren 11 izan zen egunik euritsuena, eta EAE osoko batez bestekoa 15.9 l/m²-koa izan zen. Penintsulako iparraldea zeharkatu zuen GIDE batek trumoi-zaparradak eragin zituen hainbat eremutan, eta Araba guztira hedatu ziren. Zaparrada handiak bota zituen, eta zenbait lekutan baita txingorra ere (Goiain 59.2 l/m²/h, Herrera 43.6 l/m²/h, Nanclares 39.5 l/m²/h, Trebiño 36.6 l/m²/h, Páganos 35.5 l/m²/h y Subijana 31.5 l/m² /h). Ekaitzen ondorioz, arratsalde-gau partean pilatutako euria oso ugaria izan zen Arabako hainbat estaziotan, eta horietako batzuetan 40 l/m²-ak gainditu ziren (Goiain 81.6 l/m², Nanclares 67.9, Abetxuko 56.9, Subijana 50.6, Herrera 49.6, Trebiño 44.4 eta Alegría 40.7).
Muturreko meteorologiari dagokionez, uztailean Eusko Jaurlaritzak 2 alerta laranja aktibatu zituen (1 prezipitazio handiengatik eta 1 tenperatura altu iraunkorrengatik), bai eta 10 abisu hori ere (5 prezipitazio handiengatik, 1 olatuen altueragatik nabigaziorako, 1 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 3 muturreko tenperatura altuengatik).